49 urteko behargina hil zen atzo Atxondon, AHTko lanetan, LABek jakinarazi duenez

Anboto 2025ko mai. 27a, 16:49

Sindikatuaren esanetan, "pieza baten erorketak zauri larriak" eragin zizkion langileari, eta "odolustuta" hil zen. Halaber, behargina Conprovial enpresa azpi-kontratatuarentzat lanean zebilela jakinarazi du LABek. 

LABek salatu duenez, lan-istripu hilgarrien inzidentziak "ez du etenik", eta "altueretako istripuena da horren islada". Sindikatuak jakinarazi duenez, urtea hasi zenetik 23 behargin hil dira istripuz, "horietako bi altueratik jausita". "LABek argi dauka, altueretako lanen segurtasun-araudia aplikatu izan balitz, ez zela lan-istripua gertatuko. Arazoa da patronalak ez duela betetzen laneko segurtasunari eta osasunari buruzko araudia, lan-kostuak merketzeko. Heriotza mota hauek ekidin daitezke, guztiak, prebentzio-jarduera behar bezala kudeatuz, integratuz eta aplikatuz", azaldu dute ohar batean.

Azken 24 orduetan hiru langile hil dira Euskal Herrian, lan-istripuz: Andosillan (Nafarroa) eta Atxondon, atzo; Amurrion, gaur eguerdian (Araba). Azken horretan, Tubos Reunidos lantegiko enpresa-batzordeak, lana 24 orduz etetea eskatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!