Atxondoko Udalak adierazpen instituzionala adostu du, AHTko lan istripuaren ondorioz langile baten heriotza dela eta

Anboto 2025ko mai. 28a, 10:30

Udalak "doluminak eta elkartasuna" adierazi dizkie senide, lankide eta gertukoei, eta "lan-segurtasunaren aldeko konpromisoa" berretsi du.

Astelehenean langile bat hil zen Atxondon, AHTko lanetan gertatutako lan istripuan. Ezbehar horren harira Atxondoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat adostu du. Hona udaletik hedabideetara helarazitako adierazpeneko bost puntuak.

  1. Atxondoko Udalak atsekabez hartu du joan den astelehenean Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanetan izandako istripu baten ondorioz langile baten heriotzaren berri. Udalak bere doluminak eta elkartasun osoa adierazi nahi dizkie hildako langilearen senideei, lankideei eta gertuko lagunei.
  2. Atxondoko Udalak irmoki adierazi nahi du laneko segurtasunak lehentasunezko tokia izan behar duela edozein lan jardueratan. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du lan-arriskuen prebentziorako araudia zorrotz betearaztea.
  3. Atxondoko Udalak berresten du udalerrian lanean ari diren pertsonen segurtasunaren aldeko bere konpromisoa. Ildo horretatik, arduradun publikoei eskatzen die gertatutakoa behar bezala ikertu eta argitzeko, halako ezbeharrak berriro gerta ez daitezen.
  4. Udalak erakunde guztiei dei egiten die lan-arriskuen prebentziorako jardunbide egokien programetan parte hartu dezaten, lan administrazioarekin eta erakunde sindikal zein enpresekin elkarlanean.
  5. Atxondoko Udalak bat egiten du hildako langilearen heriotza salatzeko antolatzen diren deialdiekin.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!