Apatako jaiak bihar, eguena, hasiko dira txopo nagusia eta txikia jasota. Ospakizun orokorraren barruan, beste ospakizun berezi bat ere izango da. Izan ere, Itziar tabernak 25 urte egin berri ditu eta herritarrekin partekatu gura dute urtemuga. Karlos Ibarrondok erretako txahala pintxotan eskainiko dute 19:00etatik 23:00etara. Tabernan tragoa hartzen duenak, txahal errazioa dohainik jateko tiketa jasoko du.
Ibarrondok taberna ondoko aparkalekuan erreko du txahala, goizaldeko 06:00 inguruan hasita. Horrela, ingurutik pasatzen diren guztiek ikusi ahal izango dute prozesua. "Txahal bat zelan erretzen den ikustea ikuskizuna da", dio Niko Erdoiza tabernako arduradunak. Autoak terrazaren ondoko landa batean aparkatu ahal izango dira.
Orain bost urte, 20. urteurrenean, Ibarrondok erretako hamar bat bildots eskaini zituzten herriko jaietan; baita 300 bat hanburguesa ere. "Oso ondo irten zen eta orduan okurritu zitzaigun 25 urte egitean txahala erretzea", gogoratu du Erdoizak.
Gorantz egin duen negozioa
Negozioak ireki eta itxi egiten diren sasoian, azpimarratzeko lorpena da mende laurdenera heldu izana. Niko Erdoiza eta Isabel Crende senar-emazteena da meritua. Aurretik zegoen jatetxea eraberritu ostean hartu zuten negozioaren ardura eta osasun onarakin heldu dira gaur egunera, bidean aurkitutako oztopoei aurre eginda. Abadiño-Elorrio saihesbideak bezeroak kenduko zizkien ardurak "lo orduak kendu" zizkiola onartu du Erdoizak, baina bezeroak leial mantendu ziren. "Gaur da eguna bide honetatik datozela gure pintxo bat jateko. Kafea ere oso ona ateratzen dugula diote". Alegia, negozioak beherantz egitea logikoa zenean, kontrakoa gertatu zen. "Gehiagora joan gara". Horrela, etxekoekin bakarrik hasi zen negozioak, enplegatu bat baino gehiago du gaur egun eskariari aurre egin ahal izateko.
Zein da arrakastaren sekretua? Bata, begibistakoa da: pintxoz betetako hiru apal, goizero. Barikuetan, kazolak eta errazioak ere bai. "Lanerako seriotasuna" da beste gako bat. Goizaldeko 04:00etan hasten da senar-emazteen laneguna. Bezeroekiko eta enplegatuekiko "tratu ona" ere garrantzitsua da, Erdoizaren ustez.
Taberna Julen Guerreroren kirol-lagunartea da betidanik eta eurek tradizioari eutsi diote. Athleticeko jokalari ohiak — aste honetatik Amorebietako entrenatzaile berria da— hainbat bider bisitatu du taberna.