[BIDEOA] Julen Guerrero: "Amorebieta lasai eta gustura lan egiteko toki aproposa dela uste dut"

Anboto 2024ko eka. 24a, 19:12

Hedabide askoren arreta erakarri du Julen Guerreroren prentsaurrekoak.

Eskualdeko hedabideak, Bizkaikoak, Euskal Herrikoak eta estatu mailako hainbat ere bai. Komunikabide asko bertaratu da gaur eguerdian Urritxera, Julen Guerrero Amorebieta futbol klubeko entrenatzaile berriaren aurkezpenera. Akordioa denboraldi baterako da. Era berean, gaurkoa izan du hedabideen aurreko lehen agerraldia Jabi Luaces kirol zuzendari berriak ere.

Futbola utzi zuenetik hona, harrobiko taldeetan eta gazteekin lan egin du batez ere Athleticeko jokalari ohiak: Athleticen gazteen taldea zuzendu zuen eta Malaga CFko harrobiaren koordinatzailea izan zen. Ondoren, RFEFren egituran sartuta, 15, 16 eta 17 urtez azpiko taldeak gidatu zituen. Honako hau da talde nagusi bat hartzen duen lehen aldia eta erabaki zuzena hartu nahi zuen. "Niretzako oso  garrantzitsua zen pauso hau ondo aukeratzea eta pozik nago Amorebieta aukeratu dudalako. Amorebieta lasai eta gustura lan egiteko toki aproposa dela uste dut. Hasieratik sintonia handia izan dugu", adierazi du.

Iaz mailaz jaitsita, jokalari berri asko helduko dira taldera. "Gosea duten eta garatzeko gogoz dauden jokalariak ekartzen saiatuko gara. Esperientzia handia dugu jokalarien garapenean". Badaki ekonomikoki talde indartsuagoak daudela Lehenengo Federazio mailan, baina jokalariak kirol proiektuarekin erakarri gura ditu.

Jokatzeko moduari dagokionez, entrenatzaile "anbiziotsua eta ausarta" dela uste du, "partiduaren bila joatea" gustatzen zaion horietakoa.

Denboraldiari begira ez du helburu zehatzik markatu, partiduz partidu joan nahi du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!