Paul Usabel atxondarrak Kantabriako lasterketa irabazi du

Anboto 2014ko mar. 17a, 10:26

Cafes Baque-Conservas Campos taldea Kantabriako lasterketako podiumean
Kantabriako San Jose Astillero Sari Nagusian erakustaldia eman du Cafes Baque-Conservas Campos taldeak. Lehen bost sailkatuak talde horretakoak izan dira. Paul Usabelek irabazi du.

 

Paul Usabel atxondarrak denboraldiko bigarren garaipena eman dio Cafes Baque-Conservas Campos taldeari. Atzo, Kantabriako San Jose Astillero lasterketa irabazi zuen. Helmugarako 60 kilometroren faltan, ihesaldi bateko taldetxoan zihoala, berak eta Julian Barrientosek aurrera jo zuten. Bakarrik eta eskutik helduta sartu ziren helmugara, baina biek horrela adostuta, Usabel aurretik sartu zen. Izan ere, Barrientosek badaki aurten besoak goratzea zer den; Lizartzako lasterketa irabazi zuen orain asteburu bi. Usabel gustura zegoen lasterketan erakutsitako errendimenduagaz: “Talde osoarekin gentozen eta bagenekien saiakera denetara irten behar genuela. Borrokalari aritu naiz eta denetan sartzea lortu dut. Julian eta biok ihes egin dugunean elkar oso ondo hartu dugu eta alde handiagaz heldu gara helmugara”.

 

Oro har, talde osoaren erakustaldia izan zen, aurreneko bost txirrindulariak Cafes Baque-Conservas Campos taldekoak izan zirelako: Paul Usabel, Julian Barrientos, Antonio Angulo, Carlos Antonio Jimenez eta Peio Goikoetxea.

 

Atzokoa ez zen izan asteburuko lasterketa bakarra Paul Usabelentzat. Zapatuan zortzigarren amaitu zuen Urretxun, Euskaldun Torneoko  bigarren lasterketa puntuagarrian.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!