Euskarazko liburuak dira batzuk, gaztelaniazkoak beste hainbat. Apaletan ipinita zenbait, eta maleta baten barruan atonduta ere bai banaka batzuk, akaso, Emily Dickinsonek esan bezala, liburua delako urrutira bidaiatzeko ontzirik onena.
Atxarteko liburutegi askean edozeinek hartu ditzake liburuak. Eseri. Irakurri. Eta edonork egin ditzake dohaintzak. Proiektuak ez duelako izen-abizenik. Egitasmoaren bultzatzaileek gurago dute-eta gerizpean egon, "hau zerbait komunitarioa delako". "Askotan joaten gara Atxartera. Mendira, eskalatzera eta irakurtzera ere bai, eta sarritan amaitu izan ditugu eskalada saioak baskularen ondoan. Hor jesartzen ginen atseden hartzen. Eta ikusten genuen leku hori utzita zegoela, zikinez beteta. Orduan, eremua txukuntzea eta egoteko leku bat sortzea pentsatu genuen", azaldu dio ANBOTOri egitasmoaren bultzatzaileetako batek. Lehenengo zereginetako bat etxolako horma margotzea eta Atxarteko liburutegi askea idaztea izan zen. Askea bezain menditarra, liburutegia mendiko legean oinarritzen delako: parean gurutzatutako ibiltaria ezaguna ala ezezaguna izan, mendizaleak berdin-berdin agurtzen duelako. Filosofia bera aplikatu diote liburutegiari: "Lagun batek ekarri zuen lehenengo liburua, eta egundoko ilusioa sentitu genuen. Gerora, jendea ekarpenak egiten hasi da apurka-apurka. Liburu berriak agertu dira. Mahai bat ekarri du batek, eserlekua beste batek. Eta halaxe, apurka-apurka, denontzako espazioa sortu dugu", diote egitasmoaren bultzatzaileek. Liburutegi askoren marka modura zigilu propioa ere sortu dute, etxolako atondoan irudikatuta ageri dena.
Norabide berri bat
"Atxarte leku izugarria da", gaineratu dute liburutegiaren bultzatzaileek. "Gura duzuna egin dezakezu han, ingurunea errespetatzen duzun bitartean. Egundoko altxorra dugu hor, eta zaintzea dagokigu". Beharbada, liburutegia proiektu txiki bat izan daiteke garai bateko harrobiak berreskuratzeko norabidean. Abadiñoko Udala, herritarrak, EHUko Ekopol taldea eta instituzio publikoak zeregin horretan dabiltza hain justu. Momentuz, mendizaleen eta eskalatzaileen tribua da pauso bat aurrera eman duena. Amets egiteko leku berri bat sortu dute. Mendia eta eskalada ziren lehen. Eta literatura batu zaie orain.