Atxarterapia - Askatasuna maite dugulako

Erabiltzailearen aurpegia Oihana Azkorbebeitia Urizar 2026ko ekainaren 26a

Eskalatzaile biren irudia, eta, irudiaren osagarri legez, ‘Atxarterapia–Askatasuna maite dugulako’ esaldia. Ederrak biak, marrazkia eta mezua. Irudia Atxarteko liburutegiko apal batean dago, markotxo batean sartuta, liburu artean.

Bai, Atxarten liburutegi bat dago, liburutegi askea. Hau irakurri daiteke beste apal batean itsatsita dagoen mezuan: ‘Egitasmo honen helburua Atxarteko bailaran danontzako liburutegi bat sortzea da. Garbi mantendu, zaindu eta errespetatu’. Ez dakit nori bururatu zaion Atxarten liburutegia zabaltzea, baina ideia mundiala da. Chapeau. Eskerrik asko.

Ez du zerikusirik Alejandriako antzinako liburutegi erraldoiagaz, ezta Arrosaren izena liburu eta filmeko liburutegi labirintikoagaz ere, baina behar ere ez. Atxartekoa liburutegi txikia da, kuriosoa, polita. Han ez da inor galduko, ez izan horren beldurrik. Galtzekotan, liburuetako orrialdeek gordetzen dituzten istorio, pasarte eta zirrikituetan galduko gara. Gustura galdu ere. Sartzeko eta irteteko ere arazorik ez, aterik ere ez dago eta. Denontzat dago zabalik, gau eta egun. 

Hauek bertan dauden liburu batzuk: Moio (Kattalin Miner), Lekuak (Bernardo Atxaga), Euskal Harriak (Joseba Azkarraga), Ipuin izugarriak (Harkaitz Cano, Begoña Bilbao, Txiliku...), Ipuin erotikoak (Jasone Osoro, Itxaro Borda...). Eta On Kixote Mantxakoaren eta Zalacainen abenturak ere aurkituko ditugu bertan. Mendiari eta naturari buruzko aldizkariak ere badaude: Viajes, Pirineos, Pyrenaica… Eta, zelan ez, haurrentzako eta gazteentzako txokoa ere bai: Laino txiki, egizu negar poliki (Monika Arratibel eta Xabi Etxaniz), Maria eta aterkia (Mariasun Landa), Pirata Eskola (Steve Stevenson)... Aukera zabala eta ederra. Leku ikusgarri batean, gainera, Urkiolako Parke Naturalaren sarreran, Labargorriko horma tenteen altzoan. 

Liburuak aterpetzen dituen ‘txabola’ beste kontu batzuetarako erabiltzen zen kanterak ustiatzen ziren sasoian; kanterako harriz beteriko kamioiak pisatzeko eta baskula kontrolatzeko arduradunaren lekua zen. Gaur egun, zorionez, Atxarten ez da dinamita hotsik entzuten, ez da mendia jaten, ez dabil kamioirik. Atxarten bizikletan ibiltzen gara, korrika egiten dugu, eskalatu egiten dugu, arnasa hartzen dugu; eta hemendik aurrera, irakurri ere bai. Aldea makala! Lagun askorentzat, Atxarterapia. Liburutegia abiapuntu ederra da Atxarte osatzen hasteko. Zaindu eta maita dezagun ingurua, modu xumean, handitasunik barik, natura bizirik behar dugulako, askatasuna maite dugulako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!