[BIDEOA]: "Atxarte gizarte eragileen ahotsarekin errekuperatu beharko litzateke"

Ekaitz Herrera / Maialen Zuazubiskar 2025ko uzt. 4a, 09:30

Ia hiru hamarkadako isiltasunaren ostean, galdera batek hartu ditu Atxarteko inguruak: "Zer egin garai bateko harrobiekin? Zelan berreskuratu ingurune naturala?". Abadiñoko Udala eta EHUko Ekopol ikerketa taldea harrobiok zelan birnaturalizatu aztertzen hasi dira. Iñaki Barcena ikerketa talde horretako kidea da, eta ondo ezagutzen du 90eko hamarkada hasieran Atxarten egondako borroka ekologista, bera izan zen-eta kanteren kontrako ekintzaileetariko bat. 30 urte geroago, ANBOTO garai bateko harrobietan batu da Barcenarekin, han geratu ziren azkenengo harrizko kubo erraldoien ondoan, herdoildutako kamioien artean eta Untzillatxeko saien azpian.

Zer oroitzapen dakarzkizu leku honek?
Sentimendu kontrajarriak sorrarazten dizkit leku honek. Nik hemen beldur handia pasa dut. Alde batetik, paretetan, eskalatzen. Beldur hau normala da, eskalatzaileok sarri izaten ditugu horrelakoak. Baina, pasa dut beldurra Guardia Zibilarengatik, ertzainengatik. Hala ere, Atxarte niretzat leku zoragarri eta sinbolikoa da. Abadiñoko Udaleko kideek beraien asmoaren berri eman zigutenean, eta Ekopol taldeari harrobiaren birnaturalizaziorako ariketa bat egiteko eskatu zigutenean, notizia pozarren hartu nuen.

Niretzat Atxarte leku oso berezia da, Durangaldeko lekurik politenetako bat. Baina, bada gizakiok zapuztutako lekua ere. Gizakiok hemen zauri handia egin genuen. Guk hori gazte, eskalatzaile moduan ikusi genuen, Francoren garaian. Sasoiko gizarte mugimenduek lortu genuen hau gelditzea. Orain ikusten dut hau geldituta, hondakinez betea. Eta, jakitea kalte horiek gutxitzeko lan egingo dela, oso berri ona da. Unibertsitatetik eta ekologismotik egingo den gauza polita da azterlan hau.

Zer da eskuartean daukazuen ikerlana?
Udaletxetik egin diguten enkargua da Atxarteko bi harrobien birnaturalizaziorako aurreproiektu bat aurkeztea. Behin hori izanda, dirua eta botorea duten instituzioetan hori aurkeztuko dute, berau aurrera eramateko errekurtso ekonomikoak lortzeko asmoz. Atxarte gizarte industrialean jipoitutako ingurune naturala da, gizakion lanak izorratutakoa. Beraz, uste dugu gizartearen ahotsarekin egin behar dela errekuperazioa. Orduan, urtebeteko prozesu parte-hartzaile bat jarriko dugu martxan, eta hemen dauden hainbat talde, eragile eta interesatuekin egingo dugu. Jendearen iritzia jaso gura dugu. Eta, zer egin ahal den eta zer ez ikusteko legeak jarriko ditugu mahai gainean. Baita irizpide ekonomiko, politiko-kulturalak eta abar ere. Azkenean, kontuan hartu behar da hau parke naturala dela, eta parke natural batean legedi oso bereziak daude. Behin aukera ezberdinak mahai gainean daudela, instituzioek erabakiko dute zer egin behar duten. Hala ere, gure helburua hau beste modu batera ikustea da, ez orain bezala hondakinez beterik.

" Garai gogorrak izan ziren, baina garrantzitsuena borroka irabazi genuela da. Atzera begira ikusten duzu, borrokak balio duela. Ekologisten, mendizaleen, eskalatzaileen eta herritarren arteko aliantzek balio izan zutela hau guztia gelditzeko"

90eko hamarkadara begira jarriko gara orain. 1990ean Urkiola parke natural izendatu zuten, eta Atxarteko harrobiak parkaren barruan sartu zituzten. Une gatazkatsuak bizi izan ziren. Nolako garaiak izan ziren?
Euskal Herriko egoera soziopolitikoan garai gogorra izan zen. Baina, hemen bereziki, egoera berezia zen, kontraesan nabaria zegoen. Alde batetik, parke natural batean jarraitzen zuen industria bat zegoen, gure ustez, alegala edo ez legala zena. Industria honek beste 25 urtean jarraitu gura zuen, eta ezetz esan zioten. Orduan, ekologistak, eskalatzaileak eta mendizaleak konturatu ginen lanean jarraitzen zuten horiek, legez kanpo zeudela, eta aprobetxatu genuen esateko ezetz, ezin zutela Atxarten lanean jarraitu. Horren aurrean, gure borroka egin genuen. Laupabost urtez, Labargorriren erdian hamaka bat jarrita izan genuen. Hamakan uneoro norbait egonez gero, ezin zuten lehergailurik jarri. Hortaz, txandakatu egiten ginen, une oro norbait egoteko. Borroka irabazi genuen. 

Beste aldetik, kontramugimendu bat eratu zen. Abadiñoko Udalak aholkularitza bat kontratatu zuen, harrobiko langileen defentsan kanpaina bat egiteko, eta bertako langileek gose-greba moduko bat egin zuten Muntsaratzen. Konfrontazio eta elkarrizketa oso gogorrak egon ziren. Gu ere langileen seme-alabak ginen, eta guk argi esaten genuen langile horientzat beste irtenbide bat bilatu behar zela, baina hemen egindako triskantza bukatu behar zela. Gainera, nahiz eta bide baketsuetatik ibili, hainbat hedabidetan sarritan entzun eta irakurri genuen hamakatik eskegita geundenak terroristen lagunak ginela. Garai gogorrak izan ziren, baina garrantzitsuena borroka irabazi genuela da. Atzera begira ikusten duzu, borrokak balio duela. Ekologisten, mendizaleen, eskalatzaileen eta herritarren arteko aliantzek balio izan zutela hau guztia gelditzeko.

"Laupabost urtez, Labargorriren erdian hamaka bat jarrita izan genuen. Hamakan uneoro norbait egonez gero, ezin zuten lehergailurik jarri. Hortaz, txandakatu egiten ginen, une oro norbait egoteko"

Labargorri aipatu duzu. Zu zeu egon zinen hamaka horretatik eskegita?
Bai, asteburu batean pare bat gau egin nituen bertan, hainbat eskalatzaile lagunekin. Txandak egiten genituen, eta egokitzen zitzaigun egunean bertara igo eta han egoten ginen. Labargorriko hamakak mina egin zuen; harri-pikatzaileek ezin zezaketen beraien lana egin, eta horrek beraien lanean etena ekartzen zuen. 

Urkiolaren Aldeko Bartzordea sortu zen, eta hainbat ekimen egin ziren. 
Ekimen ugari egin ziren, Urkiola Bizirik antolatu zen, ideien lehiaketa bat ere proposatu zen, Atxarteren Ataria aurkeztu zen, bertan hainbat gauza egiteko. Dena harrobiak geldiarazteko zen. Denboraren poderioz, dena ezerezean gelditu zen.  

Garaiko testuinguruan, hori baino lehenago, Lemoiz geneukan, Leitzarango autobia... Bazegoen kontzientzia ekologista. Lehen esan duzu: "Hau irabazi genuen".
Bai, eta Lemoizkoa ere irabazi genuen. Euskal ekologismoak duen arazo nagusia da, momentu honetan, euskal gizartean, euskal lobby enpresarial-teknologikoek ezarri gura dutela nuklearrari buruzko eztabaida, berriro nuklear txikiak egiteko eta armagintzan jarraitzeko planak dituztela. Hori da azken sasoian entzudakoa. Eta, nahiz eta azken 40 urteotan askotan irabazi dugun, konturatzen zara betiko eliteak, negozioaren bila dabiltzanak, berriro ere planteatzen dutela, eta zergaitik ez jorratu bide militarra, bide nuklearra. Zoritxarrez, planteamendu antiekologiko eta antisozial horiek jarraitzen dute martxan, eta mugimendu ekologistak, mugimendu sozialek, herritarrok erantzun behar dugu. Hau gure historiaren seinale bat da, ezin daiteke ezer eman betiko garaitua. 

"Zoritxarrez, planteamendu antiekologiko eta antisozial horiek jarraitzen dute martxan, eta mugimendu ekologistak, mugimendu sozialek, herritarrok erantzun behar dugu"

Gaur egun bolo-bolo dabiltzan hitzak dira trantsizio ekologikoa, deskarbonizazioa... Zein alde dauka hemengo borrokak garai hartako kontzientzia ekologikoarekin?
Katez kate doaz gauzak, hau da, heldu gara momentu batera, non konturatu garen gure zibilizazioaren ibilbideak gero eta gehiago kontsumitu, gero eta urrunago bidaiatu gura duela. Eta, horrek guztiak kalteak ekarri ditu. Atxartekoa esaterako makroindustria bat da, erokeria da. Eta, gure gaztaroan ere, guretzat hau astakeria galanta zen, eta ez zuen inolako zentzurik. Jendeak esaten zizun, "zuk errepidea erabiltzen duzu eta horretarako porlana beharrezkoa da". Bai, behar dugu porlana, baina dena bere neurrian. Ezin da bakarrik negozioan edo esportazioan pentsatu. Negozioa ez da lehenengoa, lehenengoa bizitza da eta bizitzaren oreka. 

Orduan, orain, trantsizio ekosoziala, trantsizio energetikoa edo elikagai trantsizioa planteatzen direnean, nire ustez, planteatu behar dena oreka bilatzea da. Niri, pertsonalki, 'trantsizio' hitza ez zait asko gustatzen, uste baitut gezur asko daudela sarritan horren atzean. Azkenean, trantsizioa ez da bakarrik teknologia aldatzea. Trantsizioa da bizitzak modu erradikalean aldatzea: gure jateko moduak, mugitzeko moduak, kontsumo moduak... Europan eta Euskal Herrian, modu antisozial eta antiekologikoan bizi gara, guk kontsumitzen ditugun elikagaiak, energia... kanpotik ekartzen ditugu. Eta, hori da aldatu behar dena. 

Niretzat Atxarteko esperientzia ikasgai bat izan zen, nire bizitzarako oso eredugarria izan dena. Arlo profesionalean, pribilegiatua izan naiz, unibertsitatean batez ere ingurumen politiketan, ekologia politikoan, hemengo esperientzia elkarbanatu ahal izan dudalako. Orain, urte batzuk geroago, Atxarten nago berriro, Ekopoleko lagunekin, honi bukaera polita emateko esperantzarekin. 

Bukatzeko, galdera bikoitz bat. Zein da Atxarteko borrokaren legatua? Oroitzen dugu Atxarteko borroka hori behar beste?
30 urte pasatu dira Labargorrin eskegi ginetik, eta Euskal mendizale eta eskalatzaileen memorian badago Atxarteko borroka. Baina, gainontzekoengan ez dakit. Memoriatik ikasi beharra dago. Eta, seguru nago orain hasi dugun urtebeteko ikerketa prozesu honek animatuko dituela gazteak oroimen lanak egitera. Atxarten gertatutakoa azaldu behar da, eta hemen gertatutakotik ikasi behar dugu. Ikasi behar dugu zeintzuk diren egin behar ez diren gauzak, eta zein den bide zuzena.

Erlazionatuak

[ARGAZKI GALERIA]: Atxarte: mugimendu ekologistaren garaipena

Ekaitz Herrera / Maialen Zuazubiskar uzt 04, 09:30 Abadiño

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!