Titin III.ak eta Mikel Goñik pilota partida solidarioa jokatuko dute Abadiñon

E.H. 2026ko maiatzaren 21a

Pilotari biak elkarren kontra lehiatuko dira, etxeko pilotari bi, Iker Eskamez eta Jon Arana, lagun. Pilota partida esklerosi anizkoitzaren kontrako jardunaldiaren barruan antolatu dute. 

Ikusmina sortu du albisteak: Traña-Matienako frontoiak pilota partida berezia hartuko du maiatzaren 30ean, 19:00etan. Titin III.a eta Mikel Goñi elkarren aurka lehiatuko dira, bikoteka, pilotari abadiñar bi ondoan. Lehenengoak Iker Eskamezekin batera jokatuko du, eta, bigarrenak, Jon Aranarekin. Sarrerak Abadiñoko hainbat tabernatan eskuratu daitezke 10 euroan: Mesón, Goxoa, Tipi-tapak, La Despechada, Zelaietako jubilatuen tabernan eta Lagun Tokin.

Pilota partida esklerosi anizkoitzaren kontrako jardunaldiaren zati da. Kontua da maiatzaren 30ean, Traña-Matienako plazan egun osoko jaialdia egingo dela esklerosi anizkoitzarekin eta beste gaixotasun neurologiko eta neurodegeneratiboekin bizi diren pertsonei eta haien familiei laguntzeko. Pilota partidan baturiko dirua esklerosi anizkoitzaren kontrako elkartera bideratuko dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!