Gaur goizean aurkeztu dute ekimena, eta bertan Abadiñoko Udaleko ordezkariek, Karmen Garro Adembiko zuzendariak, Iker Munillak, Abadiñoko bizilagun eta erabiltzaileak eta Ernesto Miari 'La Salsa de Cuba' akademiako zuzendariak parte hartu dute.
Abadiñoko Udalak Adembi elkarteagaz eta herriko beste zenbait talderen laguntzagaz antolatu duen ekimena egun osoko jaia izango da. Helburua gaixotasun honi eta baita beste gaixotasun neurologiko batzuei ere ikusgarritasuna ematea izango da. "Ez gabiltza ekitaldi solidario bati buruz berba egiten bakarrik, pertsona batzuei eta familia batzuei buruz berbat egiten gabiltza. Diagnostiko bakoitzaren atzean bizi bat dago, eta gizarte legez ezin dugu beste alde batera begiratu", esan du Edurne Maguregi alkateordeak.
Gaixotasunak ikustarazteaz gain, benetako gizarte laguntza sare bat sortzea ere bada ekimenaren asmoa. Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Adembi elkartean 1.400 pertsona daude, eta euretatik zortzi abadiñarrak dira. "Horregatik herritarrei kontzientzia hartzeko eta egunagaz bat egiteko deia egiten diegu", gaineratu du Mikel Urrutia alkateak.
Hainbat ekintza
Maiatzaren 30erako hainbat ekintza antolatzen dabiltza: dantza saioak, martxa zikloturista bat, txapelketa ezberdinak, Mikel Goñi eta Augusto Ibáñez Titin III.aren arteko pelota partidua eta musika egongo dira, besteak beste.