Bizi gogoaren eta adorearen eredu, horixe da Iker Munilla. 29 urtegaz esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten abadiñarrari, nerbio sistema zentralaren gaixotasuna, gaixotasun sendaezina. "Urtebete pasatu nuen mediku azterketak egiten, banekien zerbait ez zegoena ondo, eta azkenean diagnosia jaso nuen. Kolpe izugarria izan zen", esan du Munillak. Hala ere, abadiñarrak hasiera-hasieratik argi zuen aurrera egitea zela aukera bakarra, eta horixe egin du urte hauetan guztietan, borrokatu eta aurrera egin, nahiz eta egun bakoitza mundu bat izan. "Hasieratik argi nuen etxean negarrez geratzea ez zela aukera bat niretzat. Arazoei erantzunak aurkitu behar zaizkie, eta, horretarako, ezinbestekoa da aurrera egitea. Esklerosi anizkoitza dudanetik niretzat ezinbestekoa da autosufizientea izatea. Eta autosufizientea izateko, ahalegina eta gogoa ipintzen ditut, beharrezkoak dira", jarraitu du.
Abadiñarrak 50 urte ditu. ADEMBI Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren elkartearen lana nabarmendu gura izan du. "Diagnosia jaso nuenean, elkartearen berri izan nuen, eta, egia esanda, izugarri laguntzen didate", esan du. Gainera, herritarrei dei egin die maiatzaren 30erako, hileko azken zapaturako, Abadiñon antolatu duten Esklerosiaren Aurkako Elkartasun ekitaldiagaz bat egiteko.
Abadiñoko Udalak antolatu du Esklerosiaren Aurkako Elkartasun ekitaldia, ADEMBI elkarteagaz eta herriko beste zenbait talderen laguntzagaz. Egun osoko jaia izango da eta gaixotasun honi eta baita beste gaixotasun neurologiko batzuei ere ikusgarritasuna ematea izango da helburua. "Ez gabiltza ekitaldi solidario bati buruz berba egiten bakarrik, pertsona batzuei eta familia batzuei buruz baino. Diagnostiko bakoitzaren atzean bizi bat dago, eta gizarte legez ezin dugu beste alde batera begiratu", esan du Edurne Maguregi alkateordeak. Asteon emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez, elkarte honetan 1.400 pertsona daude, eta euretatik zortzi abadiñarrak dira. "Herritarrei kontzientzia hartzeko eta egunagaz bat egiteko deia egiten diegu", gaineratu du Mikel Urrutia alkateak