"Abadiñon hamalau egunetan izan ziren bonbardaketak"

Joseba Derteano 2026ko apirilaren 24a

Jesus Mari Arruabarrena. PATXI GRANADO

Gerediaga Elkarteak Abadiñoko Udalaren babesagaz ondutako 1936ko gerraren oihartzuna. Abadiñarren testigantzak liburua aurkeztu zuten atzo Errota kultur etxean. Liburuak Abadiñon 1936ko altxamendu faxistak eta ondorengo gerrak izan zuten eragina jasotzen du. Jesus Mari Arruabarrenak (Durango, 1964) idatzi du, baina urte biko ikerketa prozesu kolektibo baten emaitza da. Liburuak artxiboetako datuak eta herritarren testigantzak uztartzen ditu, urte luzez isilean egon diren istorioak argitara ateratzeko. Testigantza horietariko batzuk ikusgai daude garaia.gerediaga.eus webgunean, eta liburua dagoeneko salgai dago Abadiñoko Estankoan eta Petite kioskoan, eta Durangoko Arteka, Etxebarria, Hitz eta Urrike liburu dendetan. Internetez ere erosi daiteke, Elkarren webgunearen bitartez.

Abadiñon 1936ko gerraren memoria historikoa sakonean aztertzen den lehenengo aldia da. Zer hutsune zegoen orain arte eta liburuak zer ekarpen egiten dio Abadiñoko memoria kolektiboari?
Orain arte genuen informazioa oso fragmentatua zen; bakoitzak bere oroitzapen partikularrak zituen. Orain, 40 bat lagun elkarrizketatuta eta artxiboetan arakatuta, osotasun bat eman diogu, puzzle antzeko bat osatu dugula esango nuke. Hutsuneak bete ditugu. 

Zelan egituratu duzu liburua?
Hitzaurre bategaz hasten da. Ondoren, testu nagusia dator, hainbat ataletan banatuta: gerraren aurretik zein zen egoera, gerraren hasiera eta bilakaera, eta gerraostea. Amaierako azken atal batean, Jimi Jimenez historialariak gerragaz zerikusia izan zuten abadiñarren zerrendak osatu ditu. Tipologiaren arabera sailkatuta daude: gudari eta milizianoak, epaituak, errefuxiatuak, fusilatuak… Atal horren hasieran QR kode bat dago eta horren bitartez pertsona horien guztien biografia laburrak ezagutu daitezke.

Liburua zuk idatzi duzu, baina talde lanaren ondorioa da. Nortzuek parte hartu dute?
Elkarrizketak egiten eta testingantzak jasotzen, nitaz aparte, Markel Onaindia eta Andoni Barreña aritu dira. Beste alde batetik, Jimi Jimenez artxiborik artxibo ibili da informazioa batzen; Marta Calvok bere ekarpena egin du Auxilio Socialari buruzko azterketagaz. Eta hitzaurrea Mila Salterainen eta Luis Berrizbeitiaren artean idatzi dute. 

Testigantzek pisu handia dute liburuan.  
Testingantzak dira liburuko edukirik mamitsuena; barrua mugitzen duten horietakoak dira. Hurbiltasuna ematen diote testuari eta sentimendu asko islatzen dira: askotan, mina, eta borrokatzeko grina ere bai batzuetan. Elkarrizketa asko orain egin ditugu. Batzuk bizirik zeuden gerra sasoian, Nieves Iturriagagoitia kasurako. Urte bi inguru zituen orduan. Beste testingantza batzuk oinordekoei eskerrak jaso ditugu. Elkarrizketa batzuk 90eko hamarkada inguruan egindakoak dira eta libururako aprobetxatu ditugu. Jakina, garai hartan errazagoa zen gerra ezagutu zutenak bilatzea. 'Ahotsak' webgunean jasota zeuden testingantzak ere erabili ditugu. 

Gerra ezagutu zutenen testigantza askok ezaugarri on bat dute: dakitena zuhurtziaz kontatzen dutela. Hau da, gerra bizi arren, umeak edo gaztetxoak ziren orduan, ez ziren oso kontziente gertatzen zenaz, eta gurasoengandik jaso dute ordukoaren berri. Oso aspaldiko oroitzapenak dira. Eta zuhurtzia komeni denean, horrela jokatu dute, gauzak modu kategorikoan esan beharrean. Horrek fidagarritasuna ematen die lekukotzei. 

Bigarren belaunaldiko testigantzen kasuan, zer nabarmenduko zenuke?  
Denerik dago. Familia batzuetan beste batzuetan baino hobeto gorde da memoria. Kasu askotan gertatzen dena da familietan berba gutxi egin dela gerraren inguruan. Satur Urienena da orain burura datorkidan kasu bat. Bost bat kartzelatatik igaro zen. Bere iloba Jon Urienek kontatzen du aititak ez zuela berbarik egiten horretaz, harik eta azken urteetan lehertu eta barrua husten hasi zen arte. Orduan hasi zen berbetan. Familia batzuetan oso ondo gorde dute oroimena; iturraldetarren familian, esaterako. Agiriak dituzte, eta askotariko informazioa. Beste kasu bat da gerra aurretik Abadiñoko alkate nazionalista izandako Sotero Badaia familiaren kasua. Badakite Ezkaban egon zela preso, ihes egin zuela, eta berriro harrapatu eta epaitu zutela. Urte askotako kartzela zigorra ezarri zioten. Familia hori Ezkabara joaten da oraindino. Orain urte dezente egin nuen beste elkarrizketa mamitsu bat Abarketerueneko Edurnerena da. Gerran gaztetxoa zen, baina orduko gertakizunak fideltasun handiz gorde zituen.

Emango dizkiguzu testigantzen adibide batzuk?  
Gerran familia bereko kideak kontrako bandoetan ibili ziren askotan. Horixe da, esaterako, Kazintto eta Martin Iturralde anaien kasua. Altxamendua gertatu zenean, Kazintto Lizarran zegoen soldadutza egiten eta une horretan matxinatuen aldeko tokietan zeudenek derrigorrez Francoren alde borrokatu behar izan zuten. Martin anaia, ostera, Abadiñon zegoen eta gudariekin joan zen gerrara.  

Libururako egindako ikerketari eskerrak informazio berriak plazaratu dira. Datu berri horietatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?  
Bat da Abadiño hamalau bider bonbardatu zutela; hau da, Abadiñon 14 egunetan izan ziren bonbardaketak. Prentsan inoiz irakurri dugu "Abadiñoko bonbardaketa", baina ez zen bakarra izan. Urkiola bost bider bondardatu zuten, eta Saibi lau bider, 1937ko apirilean. Horrez gainera, Lebario, Arteagabaso, Amaitermin, Muntsaratz eta Aingeru Goardako ermitaren ondoan dagoen Atzatei baserrira ere jaurti zituzten bonbak. Horrek ez du esan gura toki guztietan hegazkinetatik bonba asko bota zituztenik. Lebarion bonba bat bota zuten, beharbada beste herriren batera bonbardatzera bidean. Muntsaratzen ere bonba bat jausi zen, Aldekoaurre baserrian. 

Bonbardaketa gehienen kasuan Gogora Institutuko Atlas de bombardeos de Euskadi izan da iturri nagusia. Besteren batean, Atzateikoan esaterako, lekukoek esandakoak udaleko agirietan edo aktetan baieztatu ahal izan ditugu. 

Ikerketak bondardaketako biktimen inguruko akats batzuk zuzentzeko ere balio izan du.
Bai. Durangoko bonbardaketan hildakoen kopurua zehazteko 2024an egindako ikerketa batean, lau kasu agertu ziren dokumentuetan 'Abadiñoko bonbardaketan hildakoak' izendatuta. Prentsan ere horrela agertu zen. Orain, ikerketa berriari eskerrak eta informazioa senideekin kontrastatuta, seguru dakigu hori ez dela horrela. Paula Maiztegi eta Teadora Arietaraunabeña jatorriz abadiñarrak izan arren, gazteluarrak hain zuzen ere, Durangoko bonbardaketan hil zituzten. Kontrara, Antonio Garaigordobil ez zen hil Durangoko bonbardaketan. Amaiterminen bizi zen eta hantxe hil zen, Amaitermin bondardatu zuten egunean. Azkenik, Estefana Aguirreren inguruko daturik ez dugu, zoritxarrez. 

Zer beste datu nabarmendu daiteke?
Abadiñar batzuen istorioak ezagunak dira, hau edo bestea fusilatuta hil zela, baina beste batzuei buruz ez da askorik jakin izan. Horixe da Jose Maria Anguloren kasua. Comite de Defensa-ko presidentea izan zen eta frankistek Derioko kanposantuan fusilatu zuten. 

Kartzeletan egondakoen kalbarioak ere jaso ditugu. Hamazazpi presoren berri ematen dugu, euren istorioa laburrago edo luzeago kontatuz, baina badakigu hauek baino askoz gehiago izan zirela. Batzuk kontzentrazio esparruetan ere egon ziren; esaterako, Nicolas Itsaso eta Jose Aguirre San Ciprien, Frantzian. Eusebio Urien, Gurseko kontzentrazio esparruan egon zen.

Erlazionatuak

Asko esaten duten argazkiak

Joseba Derteano api 24, 09:15 Abadiño

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!