Angulo durangarra Urkiolan ezkondu zen, Asunción Torrontegigaz, eta ondoren Abadiñora joan zen bizitzera. Delineantea zen ogibidez.
Angulo Derioko kanposantuan fusilatu zuten,1937ko abuztuaren 5ean. Liburuan jasotzen denez, gerra aurretik Abadiñoko alkate izandako Sotero Badaiak sarritan esan ei zion kontuz ibiltzeko eta ezkutatzeko frankistengandik.
Liburuan, Josebak, Jose Mari Anguloren semeak, aitaren aurkako epaiketa justifikatzeko La Gaceta del Norte egunkariak 1937ko uztailaren 22an argitaratutako albistea berreskuratzen duela azaltzen da. Albistean, Angulo “separatista exaltado” legez aurkezten dute eta herriko ekimen iraultzaile guztietan parte hartu zuela aipatzen da: ["intervino en todas las actividades revolucionarias en el pueblo"].
Josebak kontatzen duenez, aitaren gorpua Derioko kanposantuko hobi komun batera bota zuten fusilatu eta gero. Gorpua Josebaren aitita Federico Torrontegik aurkitu zuen, fusilamendu haien berri jaso eta gero. Kanposantura joan, gorpua atera eta angulotarren Derioko panteoi batean ehortzi zuen. Handik urte batzuetara panteoitik atera eta Durangoko kanposantura ekarri zituzten gorpuzkiak. Orduan ikusi zuten tiro-zulo bat zeukala buruan.