Isiotu kultur elkarteak euskarazko liburuak jarri ditu Abadiñoko hainbat txokotan, herritarrei Miribillako Pizkundera joatera deitzeko. Haur literaturako liburuak dira batzuk, gazte literaturakoak beste hainbat eta liburuen artean daude baita nobelak, poesia liburuak eta saiakerak ere. Azken multzo horri dagokionez, Esnatu ala hil liburuaren hainbat ale barreiatu ditu elkarteak. Liburuok Zelaietan, Mendiolan, Gazteluan, Astolan, Muntsaratzen, Gerediagan eta Traña-Matienan barreiatu dituzte.
Euskara isiotzera
Era berean, Isiotuk eta Abadiñoko Euskara Taldeak Bilboko Pizkundera joateko irteera antolatu dute abenduaren 27rako. Elkarteetako kideek Traña-Matienako tren geltokian egin dute hitzordua, 12:30ean. Bilborako trena hartuko dute han, eta Zazpikaleetan jaitsiko dira, eguerdi giroa hiriburuko alde zaharrean igarotzeko. Gero, 17:00etan, Bilbao Arenako ekitaldira joango dira. Hori horrela, Isiotuk eta Abadiñoko Euskara Taldeak herrikideak deitu dituzte hitzorduarekin bat egitera. Sarrerak pizkundea.eus atarian eskuratu daitezkeela gogoratu dute.
"Abenduaren 27an hitzordu ezin garrantzitsuagoa dugu Miribillan: euskarari pizkunde berri bat emateko ekitaldia dugu zain", adierazi du Isiotuk sare sozialetan. "Honako mezu honek gonbidapen bat izatea du helburu. Isiotutarrokin eta Euskara Taldeko lagunekin Bilboko egun-pasara etortzeko gonbidapena. Antolatu gaitezen euskara hauspotzeko. Piztu euskara. Isiotu Abadiño", adierazi dute.