PIZKUNDERAKO DEIA

"Iraganeko ispiluari begiratu eta gaur egungo errealitatera egokitu behar dugu"

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 23a

Garikoitz Goikoetxea kazetariak eta Iñaki Iurrebaso soziologoak 'Esnatu ala hil' liburua kaleratu dute euskararen egoera aztertzeko eta hartu beharreko bideez hausnartzeko. Azaroaren 24an, 'Esnatu ala hil' liburua aurkeztuko dute Bizenta Mogelen, Berbaroren eskutik, 18:30ean. Durangaldean beste hitzordu bat izango dute Zornotzako Zelaieta zentroan, azaroaren 26an, 19:00etan. 

Mediku batek euskara artatuko balu, zer diagnostikatuko lioke?
Akaso gaixotasun bat baino gehiago, eta zerbait larria edonola ere. Aurrerapausoak eman ditugu azken hamarkadetan, sendabideak jarri ditugu hainbat eremutan, baina oraindik ere oso egoera minorizatuan gaude. Euskaldunak gutxiengoa gara Euskal Herrian, euskararen erabilera minoritarioa da, eta, beraz, kolore arrosarik ezin jarri.  

Alarmarako botoia sakatzeko unea da?
Gure ustez, bai. 1960ko eta 1970eko hamarkadetatik honako goraldia geldotze sintoma larriak ematen dabil. Eta hori ez zaigu aurten gertatu. Zantzu horiek azken hamabost-hogei urteetako datuek erakusten dute. Kaleko erabileraren % 12-13ko langa hori gainditu ezinik gabiltza, euskara etxean jasotzen duten umeen kopuruak ez du aurrera egin, euskaraz erdaraz baino hobeto moldatzen direnen ehunekoa ez da 30 urteotan aldatu. Proiekzioek diote geldotze egoera horretatik galera fasera igarotzeko arriskuan dagoela euskara.

Zer gertatu da bidean?
Egoera soziolinguistikoa asko aldatu da, eta onera egin du adierazlerik gehienetan. Gero eta herritar gehiagok daki euskara, eta horrek euskaldungoa aldatzea ekarri du. Horrenbestez, egungo egoerara doitutako neurriak, plangintza eta politikak behar ditugu. Bigarren ezaugarri bat espektatibena da. Orain 40 urte espektatibak sortu genituen, baina amets horiek ez dira bete eta horrek halako zapuzte bat ekarri du. Kezka hori ere badago liburuan, hau da, euskarak ilusiorik transmititzen ote digun kezka. Eta hor jarri behar dugu fokuetako bat, euskararen biziberritzeak ezinbestekoa duelako muin-muineko euskaltzaleen ekarpena. Muin horren aldartea onenean ez badago, nekeza izango da biziberritzea. 

Giltzetariko bat, beraz, ilusioa da?
Bai. Egoeraren azterketa egin behar dugu bere gaitz guztiekin, baina itxaropenari ere ate bat ireki behar diogu derrigor. 1970eko hamarkada hartan euskararen etorkizunari begirako proiekzio bat egin izan balitz zer esango zukeen proiekzio horrek? Garai hartan euskarak zer-nolako galera zeukan ikusita, joera aldaketarik gertatu izan ez balitz, oso ataka larrian geundekeen gaur egun. Baina hori ez zen gertatu. Gau eskolak, euskaltegiak, ikastolak... gai izan ziren egoerari aurre egiteko eta euskara beste etapa batera eramateko. Iraganeko ispilu horri begiratu eta hori guztia gaur egungo testuingurura egokitu behar dugu, gaur egungo beharrizanetara. 

Astelehenean Durangoko Bibliotekan izango zarete Iurrebaso eta zu. 
Gure liburuaren ekarpenik handiena pista batzuk ematea izan da, hau da: "Zer ari da gertatzen?" horri erantzutea. Inportantea delako zer gertatzen dabilen ikustea, lortu nahi dugun olatu edo fase berri horri heltzeko. Gure ahalegina kaleko euskaltzaleak ulertzeko moduko analisia egitea izan da, eta helburu berarekin izango gara Durangon. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!