[BIDEOA]: Euskararen etorkizuna jokoan dagoela eta, Miribillako Pizkundera joatera deitu du Kontseiluak

E.H. 2025eko abenduaren 16a

"Abenduaren 27an, batu gaitezen euskaltzale guztiok. Eman diezaiogun pizkunde berri bat euskarari. Etorkizuna jokoan dago. Euskaltzaleon garaia da", adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak. Ekitaldirako sarrerak salgai daude pizkundea.eus atarian.

Euskarak eta euskalgintzak hitzordu garrantzitsua dute abenduaren 27an, Bilbon: Euskalgintzaren Kontseiluak indar erakustaldia egingo du Miribillako Bilbao Arena pabilioian, "oldarraldi judizialen eta hizkuntza-politiken atzerapausoei" erantzuteko. Hori horrela, euskaltzaleak hitzordura joatera deitu ditu, etsipenari ateak ixteko eta euskaraz bizitzeko konpromisoa berritzeko; Kontseiluaren esanetan, denon ardura delako "egiturazko minorizazioan dagoen euskararen normalizazioa eta biziberritzea". Alde horretatik, askotariko eragileak deitu ditu "erabilera normalerako baldintzen alde lan egitera". Eragile instituzionalak, politikoak, ekonomikoak eta kulturalak aipatu ditu, besteak beste.

Ekitaldia 17:00etan hasiko da eta Euskal Herriko artista ugari igoko da oholtzara. Anari, Gontzal Mendibil, Gorka Urbizu, Flako Fonki, Itziar Ituño eta Sustrai Colina, besteak beste. Ekitaldirako sarrerak pizkundea.eus atarian eskuratu daitezke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!