Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio taldeak gerra zibileko gudari baten hezur-hondarrak berreskuratu dituzte Saibigain mendian, tontorretik gertu. Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, gudaria izandakoaren hezurdura osoa eta janzkeraren hondarrak topatu dituzte, hala nola Eusko Gudarostearen jaka eta gerrikoaren zatiak, Astra markako pistola bat, munizioa, metxeroa, bi txanpon eta bi anpoila medikamentu.
Honako hau aurten Saibigain mendian egindako hirugarren desobiratzea da. Aurrekoak otsailaren 4koak eta maiatzaren 11koak dira, baina, aurreko bi kasuetan, berreskuratutako gorpuzkiak hezur-zatiak ziren, eta ez hezurdura osoa, kasu honetan bezala. Orain, hezurren kontserbazio-egoerak baldintzatuko du haietatik DNA berreskuratzea eta DNA Bankuan gordetzen diren senideen lagin genetikoekin kontrastatu ahal izatea eta, azkenik, identifikatu ahal izatea.
Euskal Prospekzio Taldea 2023ko irailean hasi zen Saibin prospekzio lanak egiten. Urkiolako Parke Naturala babestutako eremua izanik, Gogora institutuak baimena eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari prospekzio-lanak egin ahal izateko. Lanok 2024 urte osora zabaldu dira.
"Odolaren mendia"
Saibigain inguruan bataila gogorrak izan ziren Gerra Zibilean, 1937ko apirilaren 6tik 15era, eta hildako asko izan ziren, dokumentazioaren eta testigantzen arabera. Izan ere, gailurrak "odolaren mendia" ezizena du, tokia gorpuz josita nola geratu zen kontuan hartuta, gailurraren kontrola lortzeko borroka ezberdinen ondoren; leku hori estrategikoa zen ikuspegi militarretik.