Gerra Zibileko gudulari baten hezur-hondarrak aurkitu dituzte Saibigain mendian

Anboto 2024ko ots. 4a, 12:01

Gorputz-adar batekoak diren bi hezur  berreskuratu dituzte.

Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Prospekzio Taldeak Gerra Zibileko gudulari baten hezur bi aurkitu eta atera dituzte gaur Abadiñoko Saibigain mendian, Jaurlaritzak ohar batean jakinarazi duenez. Hezurrak beheko gorputz-adar batekoak dira. Dirudienez bitan haustako femur batenak dira, baina ondorengo analisi antropologikoak zehaztuko du. Aurkikuntza Saibi mendiaren tontorretik (954m) gertu dago, zoruaren gainazaleko geruzan, pista batetik gertu.

Gaur lurpetik atera diren hezurrez gainera, Euskal Prospekzio Taldeak egindako miaketa-kanpainan metraila-hondarrak, munizioa eta objektu pertsonalak aurkitu dira, hala nola hebillak eta borrokalarien janzkeraren hondar metalikoak.

Gorpuzkiak berreskuratzeko lanak bertatik bertara jarraitu dituzte Jaurlaritzako hainbat agintarik: Nerea Melgosa, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak; José Antonio Rodríguez Ranz, Memoria, Giza Eskubide eta Lankidetzarako sailburuordeak eta Aintzane Ezenarrok,Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak. Haiekin batera, zonaldeko borroketan desagertutako gudari eta milizianoen senideak egon dira. Gogora Institutuak 11 desagerturen senideekin du harremana, gorpuzkien identifikazioa ahalbidetzeko.

Lanak hilabeteetan luzatuko dira

Nerea Melgosak iragarri du inguru horretako lanak "datozen hilabeteetan" luzatuko direla, 2024rako Urkiolako parke naturaleko inguru horietan miaketa-baimena luzatu ostean. Parke Natural gisa babestutako eremua denez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak baimena eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari prospekzio-lanak egin ahal izateko. Kanpainaren emaitza positiboa ikusita, Bizkaiko Aldundiak baimena berritu du lan horiekin jarraitzeko, sailburuak iragarri duen bezala.

"1937ko apirilaren 14a eta Saibigaineko bataila, ‘odolaren mendia’, Euzkadiko Gudarostearen borrokaren data heroikoenetako bat dira, zorretan gaude belaunaldi harekin, zor hori kitatu nahi dugu, ahal dugu eta behar dugu" adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.

Gerra Zibileko desagertuen bilaketa programa

Gogoraren Gerra Zibilean Desagertutako Pertsonak Bilatzeko Programaren barruan, azken hogei urtean Gerra Zibilaren eta errepresio frankistaren 296 biktima berreskuratu dira, eta horietatik 50 identifikatu. Gogorak Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez egiten ditu gorpuzkiak hobitik ateratzeko eta auzitegi-antropologiako lanak eta UPV/EHUko Biomics laborategi genetikoaren bidez, DNA laginak kontrastatuz identifikazio genetikori dagozkionak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!