Espainiako Gerrako gudari baten gorpuzkinak topatu dituzte Saibigainen

Anboto 2024ko mai. 11a, 14:17

Gune horretan egiten den bigarren desobiratzea da, eta prospekzio lanek urtean zehar jarraituko dute. Aranzadi zientzia elkarteak eta Euskal Prospekzio taldeak bi hezur aztarna eta fusil batekin lotutako hainbat objektu aurkitu eta berreskuratu ditu Saibiko gailurretik gertu. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketarako sailburuak lanak bisitatu ditu gaur goizean. 

Gaurkoa, Saibigain inguruan berreskuratu den bigarren gorpuzkia da. Otsailaren 4ean oraindik identifikatu gabe dagoen gudari baten hezur-hondarrak berreskuratu zituzten. DNA lagin bidez etorkizunean hezur-hondarrak genetikoki identifikatzeko ahalegina egiten ari da Gogora Institutua. 

Sailburuagaz batera, Aintzane Ezenarro Memoriaren, Bizikidetazaren eta Giza Eskubideen institutuko zuzendaria, Jose Antonio Rodriguez Ranz sailburuordea eta Julen Arzuaga Gogoraren zuzendaritza kontseiluko kidea egon dira, besteak beste. Melgosak, Jaurlaritzaren konpromisoa nabarmendu du. "Euskadi, askatasuna eta demokrazia faxismoaren aurrean defendatzeko mendi horietan bizia eman zutenen gorpuzkiak berreskuratzeko lanean jarraituko dugu". Azken hogei urtetan, Jaurlaritzak Espainiako Gerrako eta errepresio frankistaren 331 biktima berreskuratu ditu, eta horietako 54 identifikatu dituzte. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!