Kepa Arroitajauregiren oroimenezko trinkete txapelketa barikuan hasiko dute

Anboto 2024ko ira. 24a, 12:56

Aitor Arabiourrutia txapelketa antolatzaileetakoa eta Idoia Otaduy Mankomunitateko presidentea gaurko aurkezpenean.

Paletan bikote mistoek errepikatuko dute. Eskupilotan eta buruz buruz, promesa gazteak dira faborito.

Kepa Arroitajauregiren oroimenezko 5. trinkete txapelketak bariku honetan hasiko du bere bidea. Ondoren, bariku arratsaldero izango dira jardunaldiak Abadiñoko Tornosolo trinketean urriaren 25eko finalera heldu arte.

Modalitate bitan jokatuko da: paletan goman eta esku pilotan. Paletan bikote mistoak arituko dira, zortzi guztira, iaz hasitako bideari jarraituz. "Konturatu gara ez dagoela diferentzia handirik. Iaz, esaterako, partidu orekatuak irten ziren. Horregatik bikote mistoekin jarraitzea erabaki dugu", adierazi du Aitor Arabiourrutiak gaurko prentsaurrekoan. Eskupilotan, berriz, buruz buru jokatuko dute sei pilotarik. 

Aurreko urteetan lez, ez da erraza izan pilotariak txapelketara erakartzea, beste txapelketa batzuk ere martxan daudelako, Parisko (Frantzia) Nazioen Liga kasu. Hala ere, Euskal Herri osoko ordezkariak batzea lortu dute.

Faboritoak

Eskupilotan "promesa handi bi" dira faborito nagusiak: iaz azpitxapeldun geratu zen Jon Jara gipuzkoarra eta Arai Murillo nafarra. Eurekin batera lau bizkaitar arituko dira, tartean, Ibai Arroitajauregi iurretarra eta Iker Escamez abadiñarra. Irabazleak eskualdeko pilotari bat ordezkatuko du txapeldun moduan: Koldo Bikandi iurretarra.

Paletan, eskualdeko hiru ordezkari daude: Durangon bizi den Iñigo Arrieta gasteiztarrak Ane Ibañez arabarrarekin jokatu du; Mikel Garcia mallabiarrak Paula Gorostiaga nafarrarekin eta Iker Agirresarobe elorriarrak Ipar Euskal Herriko Marie Martine-rekin. Garciak binakako txapela jantzi zuen iaz Laura Saezekin. Aurten 20 urteko promesa gaztea izango du bikote. Biek sarritan entrenatzen dute elkarrekin. Izan ere, Gorostiaga Bilbon bizi da, nafarra den arren.

Izenei erreparatuta, Unai Sagarzazu gipuzkoarra eta Maritxu Housset dira txapelketa irabazteko hautagai nagusiak.

Urtero lez, Kepa Saria banatuko dute, Arroitajauregiren baloreak ondoen ordezkatzen dituenarentzat.

IRAILAK 27, 18:00

  • Paletan:
    - Mikel Garcia-Paula Gorostiaga / Jon Aboitiz-Uxue Murillo
    - Amaia Larralde-Ander Asurmendi / Marie Martine-Iker Agirresarobe
  • Pilotan:
    - Iker Eskamez- David Alonso

URRIAK 4, 18:00

  • Paletan:
    - Aritz Larrarte-Sylvie Halsouet / Ane Ibañez-Iñigo Arrieta
    - Unai Sagarzazu-Maritxu Housset / Danik Arana-Argitxu Behasteguy
  • Pilotan:
    - Ibai Arroitajauregi-Arai Murillo

URRIAK 11, 18:30, FINALERDIAK

  • Paletan:
    - Bigarren partiduko irabazleak / hirugarren partiduko irabazleak
  • Pilotan:
    - Sergio Sainz - Irailak 27ko irabazlea

URRIAK 18, 18:30, FINALERDIAK

  • Paletan:
    - Lehen partiduko irabazleak / laugarren partiduko irabazleak
  • Pilotan:
    - Jon Jara - urriak 4ko irabazleak.
Finalak: urriak 25
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!