Traña-Matienako pediatria zerbitzuak egungo egoeran jarraitu dezake plaza inork aukeratu ezean

Ekaitz Herrera 2024ko uzt. 3a, 09:42

Osakidetzako arduradunek mezu hori helarazi diote Abadiñoko Udalari, azken honek jakinarazi duenez. Proposamena "ezin da balekotzat jo", Mikel Urrutia alkatearen berbetan. Egoera aldatu ezean, irailean elkarretaratze gehiago egingo dituzte.

"Plazak hautatzeko prozesuan inork ez badu Traña-Matienako osasun zentroko pediatria plaza aukeratzen, egoerak berdin jarraituko du". Osakidetzako arduradunek mezu hori helarazi diote Abadiñoko Udalari, udalak berak ohar bidez jakinarazi duenez. Mikel Urrutia alkatea eta Osakidetzaren Barrualde-Galdakao unitateko arduradunak elkarrekin batu ziren ekaineko azken astean, eta bilera horretan bertan jaso zuen udalak informazio hori. Edozelan ere, Abadiñoko Udalak argitu du adierazi diotena ez dela nahikoa. "Proposatzen digutena ezin dugu balekotzat jo, eta udal eskumena izan ez arren, gure herritarren ongizateak arduratzen gaituelako, lanean jarraituko dugu zerbitzu duin bat izan arte”, adierazi du Urrutiak.

Traña-Matienako anbulatorioan beti eskaini izan da pediatria zerbitzua, eta Osakidetzak berak halantxik izan du jasota bere organigraman, harik eta azaroan postua erretiratzea erabaki zuen arte. Azken hilabeteotan, auzotarrek Zelaietara, Berrizera, Elorriora zein Zaldibarrera jo behar izan dute pediatrarenera. Abadiñoko gobernu taldearen arabera, "ezinbestekoa" da behin-betiko soluzio bat bilatzea, "herritarrei kalitatezko zerbitzua emateko eta alferrikako joan-etorriak saihesteko". 

Elkarretaratze gehiago

Traña-Matienako auzotarrek protestara irten zuten ekaineko eguaztenetan, pediatria zerbitzua berrezarri zedin eskatzeko. Eta opor osterako egoera aldatzen ez bada, mahai gainean ipini dute elkarretaratze gehiago egiteko aukera. Edurne Maguregi alkateordeak adierazi duenez, ezin dute zain jarraitu. "Pediatraren falta zerbitzuaren narriadura eragiten dabil, eta, gure ustez, beharrezkoa da egoera hori iraultzea. Lanean eta mobilizatzen jarraituko dugu, harik eta herrian kalitatezko zerbitzua lortu arte", aurreratu du Maguregik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!