Saretzen: Banketxeak

"Zerbitzuak murrizteak Zelaietako giza hartu-emana moteldu du; auzoa ume asko bizi den basamortu bihurtzen hasita dago"

Maialen Zuazubiskar 2024ko mar. 15a, 09:30

Bankuek euren zerbitzuak murriztea polemika iturri bihurtu da azken urteotan Abadiñon. Herri honen kasua oso berezia da. Bulego zerbitzua ematen duten sei banku daude bertan, euretariko bost Traña-Matienan, eta bakarra Zelaietan.

Zelaietako bulegoak, bertakoei ez ezik inguruko auzotarrei ere ematen die zerbitzua, Muntsaratzeko, Mendiolako, Sagastako, Irazolako eta Gazteluko auzotarrei, besteak beste. Baita inguruko herrietakoei ere; Atxondokoei, esaterako. Atxondarrek 2019tik ez dute bankuko bulego zerbitzurik herrian. Baina 2022 hasieran, sukurtsalak Zelaietako bulegoa astean behin baino ez zabaltzea erabaki zuen. Kutxabankek harturiko erabaki horrek herritarrak "hasarrarazi" zituen, eta herri plataforma bat sortu zuten. Plataformako kideek azaldu zutenez, "Kutxabankek Zelaietan ematen duena ez da zerbitzu bat". Eta hori salatzeko eta arreta hobea eskatzeko, sinadura bilketa hasi zuten.

Gaur egun, bulegoa astean birritan egoten da zabalik, martitzen eta eguenetan. Abuztuan, bulegoa itxi egiten dute. Egun bitan barik, bulegoa lau egunetan zabaltzea eskatu zuten plataformakoek, lanordu kopuru bera mantenduta. Hau da, eguneko lau orduz zabaltzea: "Abadiñoko udaletxean izan genituen bileretan, 10:00etatik 14:00etara zabaltzeko eskatu genion Kutxabanki. Lanordu kopuru bera da, baina lau egunetan izango genuke zerbitzua. Proposamen hori egin genien, baina orain arte ez dute kontuan hartu", adierazi dute plataformako kideek. Lortu den "gauza bakarrenetarikoa" kutxazain berria ipintzea dela adierazi dute. "Zaharra puntuan-puntuan hondatzen zen eta asteburu askotan zerbitzurik barik egoten ginen. Gainera, sarritan, txartelen bat edo libretaren bat kutxazain barruan geratzen zen", gaineratu dute.

Bulego zerbitzua murriztearen erabakiak herritarren egunerokoan eragin zuzen-zuzena duela azaldu dute. Izan ere, Zelaietako sukurtsalean astean birritan baino ezin dituzte egin euren gestioak orain. Gainerakoetan, Traña-Matienara edo Durangora joan behar izaten dute. "Herritarrak alde batetik bestera ibiltzea ekarri du honek. Gure denbora ez da aintzat hartzen, eta, bien bitartean, bezerook hor gabiltza bankuarentzat lanean. Esaten digute ingurumenaren gaia integrala eta integratua dela, baina ezin esan kontuan hartzen dutenik", gehitu dute.

Bestalde, horrelako erabakiek herria apurka-apurka bizirik barik uzten dutela esan dute: "Gestioak beste tokiren batean egin behar baditugu, erosketak ere kanpoan egiteko aprobetxatzen dugu. Horrek gure ohiturak aldatzea dakar. Zerbitzuak murrizteak Zelaietako giza hartu-emana asko moteldu du; apurka- apurka, auzoa ume asko bizi den basamortu bihurtzen hasita dago. Zerbitzurik ez duen herria basamortua da". Arazo horri irtenbide bat bilatu, egoerari buelta eman eta herria "basamortu" izan ez dadin, ahalik eta lasterren soluzio bat eskatzen dute abadiñarrek.

BANKETXEAK DURANGALDEAN:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!