Gure eskualdean ere herririk gehienetan gertatu da hori, eta beherakada oso nabaria da askotan. Durangon, esaterako, 2008an 30 banketxetan ematen zuten bulego zerbitzua, eta gaur egun 13tan ematen dute. Zornotzan 14 bulego zeuden, eta gaur egun 7 daude. Elorrion 6 zeuden, eta orain 4 daude.
Eskualdeko herri batzuetan arazoa handiagoa da, batere zerbitzurik barik geratu dira eta. Iurretan banketxe bi zeuden 2008an, eta bezeroaren arretarako zerbitzua ematen zuten bertan. Gaur egun ez dago zerbitzu hori herrian, eta, beraz, iurretarrek Durangora joan behar izaten dute zerbitzua jasotzera.
Atxondoko egoera ere berdina da. 2008an banketxe bat zegoen eta 2019ko abendutik hona ez dute bulego zerbitzurik ematen bertan. Kutxazain bat baino ez dago erabilgarri. Kutxabankek harturiko erabaki honek haserrea sorrarazi zuen herritar askorengan. 2012an “errekurtsoen optimizazioa” argudiatuta, bankuak bulegoa egun bitan baino ez zabaltzea erabaki zuen. Eta 2019an bulegoa ixtea erabaki zuten, “eraginkortasun eta osagarritasun” arrazoiak zirela eta. Harrezkero, zerbitzu hori jaso gura duten herritarrek Elorriora edo Abadiñora joan behar dute.
Urterik urtera, arazoa eskualdeko beste herri batzuetara zabaltzen doa apurka-apurka. 2021ean, Otxandion ematen zuen zerbitzua murriztea erabaki zuen Kutxabankek. Horrek herritarren "haserrea eta egonezina" ekarri zituen. Otxandioko Udalak erreklamazio idatzi bat bidali zion Kutxabanki herriko egoera zein den azaltzeko. Hala ere, Kutxabankek murriztu egin zuen zerbitzua. Jendaurreko zerbitzua egun guztietan egotetik, astean egun bitan ematera pasatu zen.
BANKETXEAK DURANGALDEAN:
- Zelaietako auzotarrak (Abadiño): "Zerbitzuak murrizteak Zelaietako giza hartu-emana moteldu du; auzoa ume asko bizi den basamortu bihurtzen hasita dago"
- Adela Mesa Zientzia Politikoko eta Administrazioko irakaslea eta Pedro Manuel Martinez Soziologiako eta Gizarte Laneko irakaslea: "Herritar digitalen estatus berria sortudugu, baina mundu guztia ez da hor sartzen"
- Goierriko Laboral Kutxako zuzendari Josean Aparicio: "Garrantzia ematen diogu pertsonak erdigunean jartzeari; bulegoak mantentzea oso garrantzitsua da guretzat"