Unai Moran, Bizkaian txapeldun eta Bizkaitik kanpora protagonista

Anboto 2023ko abe. 20a, 15:07

Unai Moran, Bizkaiko Kopako irabazlearen elastikoagaz. (Argazkia: Bizkaiko Txirrindularitza Federazioa)

Café Dromedario-Flotamet taldeko abadiñarra onenekin lehian aritu da kadete mailan.

Kadeteetako ibilbidea goian amaitu du Unai Moranek, datorren urtean juniorretarako saltoa eman aurretik. Erregulartasuna lagun eta bere dohaiak inoiz baino hobeto baliatuz —errodadorea da eta bikain moldatzen da ibilbide gorabeheratsuetan— onenekin lehian aritu da lasterketa askotan.

Aurtengo garaipenik inportanteena Bizkaiko Rural Kutxa Kopa irabaztea izan da. Ez du lasterketarik irabazi, baina denetan puntatzea lortu du. Ez da egon bera baino ziklista erregularragorik. Gainera, Muskizko, Getxoko eta Trapagarango probetan bigarren postuan amaitu zuen. Hori gutxi balitz, tarteko helmugak eta mendikoak irabaziz puntu baliotsuak batu ditu sailkapen orokorrari begira.

Bizkaitik kanpora ere zeresana eman du. Esaterako, uztailean Nafarroako Iturmendi Saria irabazi zuen esprint boteretsu bati esker. Ikustekoak dira abadiñarren azken metroak, aurkariak gurpiletik atereaz. Aurretik, martxoan, bigarren sailkatu zen Gipuzkoan, Zizurkilgo lasterketan.

Pistan ere protagonista

Txirrindulari indartsua eta abila izaki, Moranek dohai aproposak ditu pistan lehiatzeko. Apirilean Espainiako txapelketan parte hartu zuen, Madrilen, eta domina bi irabazi zituen: urrezkoa, taldeko abiadura lasterketan, eta brontzezkoa, jazarpen proban.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!