Unai Moran abadiñarrak urrezko eta brontzezko domina bana irabazi ditu pistako Espainiako txapelketan

Anboto 2023ko api. 19a, 11:52

Unai Moran —eskuman— Aimar Fernandez eta Eñaut Urkaregigaz urrezko domina irabazi ostean. (Argazkia: rfec.com)

Kadete mailako txirrindularia Espainiako txapeldun geratu da taldeko abiadura proban eta hirugarren izan da jazarpenean.

Aste Santuan kadete eta junior mailako Espainiako txapelketa lehiatu dute Madrilen, Galapagar herriko belodromoan. Eskualdeko Dromedario Flotamet taldean dabiltzan Unai Moran abadiñarra eta Izaro Oliveira ermuarra hantxe aritu dira Euskadiko selekzioagaz eta bien artean lau domina irabazi dituzte.

Unai Moranek urrezko eta brontzezko domina bana eskuratu ditu kadete mailan. Urrezkoa taldeko abiadura proban lortu du Aimar Fernandez eta Eñaut Urkaregigaz batera. Brontzezko domina jazarpen proban heldu da. Izaro Oliveirak, berriz, brontzezko domina bi lortu ditu junior mailako jazarpen eta kanporaketa probetan.

Pistako arrakastaren ostean errepidera itzuli dira txirrindulari biak. Gogoratu behar da Morenek bigarren tokian amaitu zuela Zizurkilgo lasterketa, martxoan.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!