Silvia Trigueros 380 km-ko Dragon's Back probaren atarian: "Gatx da jakiten zer gertatuko den, baina gogotsu noa"

Anboto 2023ko abu. 31a, 10:45

Silvia Trigueros abadiñarra mendiko lasterketa batean.

Aurreko urteetan, sasoi honetan, Tor des Geants probaren atarian zegoelako izango zen albistegai Silvia Trigueros. Baina aurten ez. Iaz bere lasterketa kutuna —hiru bider irabazi du— bigarren amaitu eta gero, proba hori albo batera utzi eta erronka berriei begira jarriko zela iragarri zuen. Bada, erronka berri horrek Dragon's Back Race du izena. 

Erresuma Batuan, Galesko Conwy herrian dagoen Erdi Aroko gaztelu ikusgarritik ekingo diote probari parte hartzaileek, astelehenean, 07:00etan. Aurretik izango duten bidea ez da nolanahikoa: 380 kilometro eta 17.400 metroko desnibel metatua, sei egunean zehar. Iaz parte hartzaileen %40k baino gutxiagok amaitu zuten proba arauzko denboraren barruan. "Gatx da jakiten zer gertatuko den, baina gogotsu noa", adierazi du korrikalari abadiñarrak.

Probaren zailtasuna gogortasunetik haratago doa: ez dute kanpo-asistentziarik izango, kanpamentuetan esteren gainean lo egingo dute, ezingo dute GPSrik erabili… Orientatzeko ahalmena funtsezkoa da. Ildo horretatik, Trigueros antzeko proba batean parte hartua da, Italiako ultra trail batean. "Behin baino gehiagotan galdu arren, orokorrean ondo moldatu nintzen", gogoratu du.

Sasoi onean helduko da probara. Abuztuan PICa PICA ultra traila irabazi zuen (109 km). "Ez nuen uste hain sasoi onean nengoenik, denboraldi irregularra izaten ari delako, lesioengaitik. Gainera, aste bi lehenago joan nintzen hara eta entrenamendu espezifiko asko egin nituen Galesko erronkari begira", esan du Triguerosek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!