[BIDEOA] Silvia Triguerosek historia egin duen unea: Tor des Geants-eko azken metroak

Anboto 2021ko ira. 16a, 11:48

Bart goizaldeko laurak inguruan helmugaratu da korrikalari abadiñarra. Historiarako irudiak dira, Tor des Geants proba hiru bider jarraian irabazi duen korrikalari bakarra delako.

Gizonetan aurtengo aldia irabazi duen Franco Collek ere hirugarren bider irabazi du Tor des Geants, baina ez dira bata bestearen atzetik lortutakoak: 2014, 1018, 2021ean irabazi ditu.

Emakumeetan, orain arte Anne Marie Gross (2010 eta 2011) eta Francesca Canepa (2012, 2013) eta Lisa Borzani (2016 eta 2017) korrikalariekin garaipen bitara berdintuta zegoen Trigueros. Orain, emakumeen sailkapen historikoan bera dago lehenengo.

Ibilbide luze eta nekagarrian —350 bat kilometro eta ia 30.000 metroko desnibel positiboa— denetarik jazo zaio: "Aurten sekula gertatu ez zaidan zerbait gertatu zait: ezin nuen likidorik edan. Ondorioz, deshidratatu egin naiz eta hankak puztu zaizkit. Asko sufritu dut alde horretatik", gogoratu du Triguerosek. Jaki solidorik ere ez zitzaion sartzen une askotan eta gel-en bidez elikatu da. "Aurreko aldietan hiru-lau gel hartzen nituen asko jota eta aurten hogei bat hartu ditut".

Bere senarra den Asier Zarateren lana eskertu du. Lasterketa osoan zehar behar zuenean laguntzen aritu da Zarate. "Bion artean lortutako garaipena izan da eta asko eskertzen diot laguntza. Garaipen hau bion meritua da", adierazi du.

(BIDEOAREN egilea: ESEACE)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!