“Tratamenduan ileordeak eta turbanteak erabiltzen hasi nintzen, baina denak ilunak iruditzen zitzaizkidan”

Markel Onaindia 2019ko eka. 28a, 09:15
Argazkia: Lehior Elorriaga

Minbiziaren aurka borroka egitea tokatu zitzaion, eta prozesu hartatik jaio zen bere egungo proiektu laborala. Ilea jaustearen ondorioz zapiak erabiltzen hasi, eta bere diseinuak garatzeko ideia otu zitzaion. Telak eta hariak mimo bereziz josten hasi zen, kolorez eta baikortasunez beteriko piezak sortzeko. Gainera, etekinen zati bat ikerketarako bideratzea erabaki zuen. Aurrez diseinu gradua ikasia, administrazio eta finantzen zikloa egin zuen, eta Maristak ikastetxeak sustatu duen Urrats Bat ekintzaileen programan arlo sozialeko saria jaso du erkidegoan. Yanire Granero Tena (Abadiño, 1988) da, Memiimo (memiimo.com) proiektuaren sortzailea.

2016an eman zizuten alta, eta orduan ekin zenion Memiimo proiektuari. Minbiziari aurre egiteko tratamendu batetik zentozen.
2016ko urtarrilean hasi nuen tratamendua. Bost bat hilean hartu nuen kimioterapia, eta, ebakuntza egin eta gero, abuztuan radioterapiagaz hasi nintzen. Notizia ematen dizutenean, medikuaren aurrean, "zergatik gertatu behar zait niri?", galdetzen diozu zeure buruari. Gainera, aita urte eta erdi lehenago hil zen, minbiziak jota. Beraz, etxean aurretik ere bizi izan dugu borroka hori. Urte eta erdi geroago, ez duzu espero zeuri tokatzea. Bularreko minbizia genetikoa zein hormonala izan daiteke, eta nire kasua ez zen ez bata, ez bestea. Beraz, "tokatu egin zaizu", esan zidaten. Ahalik eta arinen hasi gura nuen tratamenduagaz; beldur nintzen, baina aurrera aterako nintzen ideia nuen. 2016ko azaroan amaitu nuen tratamendu osoa, eta alta eman zidaten ospitalean. Orduan hasi nintzen lehenengo pausoak ematen. Hasieran ez nuen nire diseinurik egiten; tela erosi eta josi egiten nuen. 

Tratamenduan zehar edukitako beharrizan batetik sortu zitzaizun ideia.
Ilea jausiko ote zitzaidan galdetu nuen, eta baietz esan zidaten, kimioterapiaren lehenengo saiotik 15 egunera. Ilea aurretik moztea erabaki nuen, eta aholkatutako leku batera joan nintzen hori egitera. Orduan, ileordeak eta turbanteak erabiltzen hasi nintzen, baina denak nahiko ilunak iruditzen zitzaizkidan, eta ez nituen nire gustuetarako eta adinerako egoki ikusten. Kontua da batzuetan ileordea eramateaz nekatzen zarela, oso ondo eginda egon arren igarri egiten delako ez dela zure ilea. Horregatik, ileordearen gainean turbanteak ipini eta ez zen hainbeste igartzen. Naturalago ikusten nuen neure burua. Orduan, diseinuak egiten hastea bururatu zitzaidan, bai niretzat, bai etorkizunean egoera bera biziko zutenentzat.  

Jendearen aurrean dugun irudiak arduratu egiten gaitu gainera...
Bueno, egia esan, nire ondoko jendearen iritziak baino ez dit ardura.  Niretzat oso garrantzitsua zen senide eta lagunek ni ondo ikustea; azken batean, lehentxoago ere  egoera gogorra bizi izan genuen aitagaz. Batez ere, amarentzat izan zen gogorra, 27 urteko alaba aitak pasatutako gaixotasunagaz ikusten zuelako. Neure burua ere ondo ikusi gura nuen. Ileaz gainera, nire gorputza puztuta ikusita, batzuetan ez nuen neure burua ispiluaren aurrean ezagutzen, baina ondo neraman tratamendua, eta horixe zen garrantzitsuena. Baikorra naiz, eta ondo eraman nuen dena. 

Zelakoa izan zen proiektuaren hasiera?
Ordura arte, blog batean kontatzen nituen prozesuan emandako pausoak, eta etapa bat zarratzea erabaki nuen. Memiimo lez neure ideiak zabaltzen hasi nintzen. Lehenik, turbanteak kaleratu nituen, eta 2017ko maiatzean merkatu batera joan nintzen lehenengoz, Bilboko Maiatzaren 2 kalekora. Egia esanda, harrituta geratu nintzen, eramandako guztia saldu nuen eta. Hor hasi nintzen neure berezko diseinu batzuk sortzen. Paperean akuarelak margotzen nituen, eta gero ordenagailura pasatzen nituen. Besteengandik desberdintzeko modurik onena nire diseinuak egitea zela ikusi nuen. Gero, mototsetakoak eta bandanak egiten jarraitu nuen. Berrienak aurten landutako diademak dira. Internetekoetatik aparte, hileko lehen zapatuan Bilboko Maiatzaren 2ko merkatuan egoten naiz, eta, uztailaren 7an, Donostian Kursaal kanpoan egingo den merkatu batean ere egongo naiz.

Urrats Bat saria jasotzean esan zenuen kolore askoko piezak sortzen dituzula. Zergatik?
Ez dakidalako beste era batean diseinatzen. Aldatzen saiatu arren horrela irteten zait. Udazken eta negu sasoietarako, kolore ilunagoak erabiltzen ditut, baina argitasuna izaten amaitzen dute. Uste dut nire markaren ezaugarrietako bat dela. Kolore askoko pieza baikorrak dira.

Zer eskaintzen dizu Memiimo proiektuak? 
Batez ere, gustatzen zaidana egitea, eta horrek bete egiten nau. Hori ezin da ordaindu. Beste lan batzuetan baino gutxiago irabaziko dut, baina ez dut gehiago behar. Batzuetan, gehiago irabaztea izaten dugu buruan, gauza gehiago erosi ahal izateko. Gauza materialak dira beti. 

Eta zer ematen dizu sorkuntzak?
Lasaitasun handia. Batzuek yoga egiteko beharrizana duten moduan, nik honen bitartez lortzen dut lasaitasuna. Oso urduria naiz, eta lanean nabilenean ez dut beste ezertan ere pentsatzen. Burua horretan zentratuta izaten dut. Azken batean, ez da marraztea besterik.

Zapiaren beharrizanaren kezka beste gaixo batzuekin konpartitu duzu?
Tratamenduan hainbat lagun ezagutu nituen. Eguneko ospitalean zortzi ordu ematen nituen kimioterapia hartzen, eta, azkenean, ondokoagaz edozeri buruz berba egiten duzu. Egoera zaila bizi zuten, eta euren jarrera onak asko lagundu zidan. Ezagutu dut ere jendea orientabide eske ibili dena zapia ipintzeko. Ni ez naiz aditua, baina erakutsi izan dut niretzat zelan izan den baliagarria. Norbera egon behar da eroso. Enpatia sortzen da, ze bestea zelan dagoen jakiteko, ez dago egoera beretik pasatzea lakorik. Sortzen diren loturak politak dira. 

Memiimoren ezaugarrietako bat da etekinen %2 minbiziaren aurkako borrokara bideratzen duzula. Superazioz eta elkartasunez beteriko proiektu bat da. 
Minbiziaren aurkako borrokari laguntza emateko helburuagaz jaio zen proiektua. Ikerketa ezinbestekoa da, eta nik apur bategaz lagundu ahal badut, bada, egin ahal dudan gauzarik onena da. Gainera, ikusgarritasuna ere eman gura diot. Bakoitzak ahal duen eran lagundu dezake: hezur-muin edo odol emaile izanda, boluntario izanda, lasterketa batera joanda... Inoiz ere ez dakizu nori gertatu dakiokeen. Hau lakra baten modukoa da, gero eta jende gehiago dago gaixorik. Nork ez du inguruan gaixotasun hau izan duen senide edo lagunik?

Sortutako pieza bakoitzak zure zati bat daramala diozu.
Proiektu hain pertsonala denez... Azken batean, neure barrua zabaldu behar izan dut neure istorioa kontatzeko. Edizio mugatuak ateratzen ditut, eta, batzuetan, azken pieza banatzera noanean, pena sentitzen dut. Maitasun handiagaz diseinatzen dut, hasieratik proiektuari diodan maitasunagaz, eta bezeroari arreta pertsonalizatua eta gertukoa ematen ahalegintzen naiz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!