Iker Unzuetak Portugalgo Lehenengo Mailan jokatuko du hurrengo denboraldian

Anboto 2023ko eka. 3a, 20:05
Iker Unzueta bere talde berriaren kamisetarekin. (@fcvizela)

FC Vizela taldeak aurrelari abadiñarra fitxatu du.

Iker Unzuetak Portugalgo liga nagusian dabilen FC Vizela futbol taldean jokatuko du datorren denboraldian. 2025era arteko kontratua sinatu du eurekin. Halaxe jakinarazi dute jokalariak berak eta futbol klubak gaur arratsaldean sare sozialen bidez. "Gol asko sartzea eta taldeari bere helburuak lortzen laguntzea espero dut", adierazi du aurrelari abadiñarrak.

Unzuetak Lehenengo RFEF mailako SD Logroñes taldean jokatu du aurten. Talde errioxarrarekin denboraldi bikaina osatu eta 12 gol sartu ditu. 

Unzuetak SD Logroñesi zuzendutako esker oneko gutun bat argitaratu zuen orain egun bi. "Eskerrik asko guztiei etxetik kanpora ibili arren etxean bezala sentiarazi nauzuelako. Mila esker lan taldeari ere hasieratik jokalari batek behar duen konfiantza eman didazuelako. Eta, jakina, eskerrak bihotzez nire taldekideei, batzuk betirako lagun izango ditudanak", jasotzen du gutunak, besteak beste.

FC Vizelak hamaikagarren tokian amaitu du aurtengo liga Portugalen.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!