Iker Unzueta, Lehenengo Federazioko aurrelaririk onenen artean zortzi golegaz

Joseba Derteano 2023ko ots. 1a, 15:05
Iker Unzueta Logroñesegaz sarturiko gol bat ospatzen. @SDLogroñes

Iker Unzuetak (Abadiño, 1998) zortzi gol daramatza 21 jardunalditan SD Logroñes taldeagaz, eta Lehenengo Federazio mailako golegilerik onenen artean dago.

Abadiñarra aurten batu da Errioxako taldera —Amorebietatik— eta berehala egokitu da taldera. Ia partidu guztiak jokatu ditu osorik, eta gehienetan titular. "Entrenatzaileak [Raul Llona] esan zidan oso kontuan hartuko ninduela, eta, egia esan, asko jokatzen nabil. Gustura nabil eta konfiantzagaz", adierazi du.

Zortzi goletako lau penaltiz sartu ditu. Eraginkortasuna erabatekoa da: jaurtitako laurak ate barrura joan dira. Gainerako lau golek berezitasun bat dute: denak lehenengo ikutuan sartu ditu.

Sarturiko golen artean, bi azpimarratzen ditu batez ere. Batetik, joan zen asteburuan Murtzian sarturikoa, 0-1 irabazteko balio izan zuena. "Murtzia talde bikaina da, bigarren mailara igotzeko modukoa, eta han gola sartu eta partidua irabaztea itzela izan da denontzat", gogoratu du. Bestetik, Castello taldearen kontra sarturiko gol biak. "1-0 galtzen gindoazen eta gol biek partiduari buelta emateko eta hiru puntuak batzeko balio izan zuten", esan du. Castello ere mailaz igotzeko faboritoen artean dago.

SD Logroñes sailkapeneko bederatzigarren postuan dago eta hiru puntura du hirugarren doan taldea, Amorebieta, Unzuetaren iazko taldea. Mailari eustea dute helburu, baina goian jarraituz gero edozer amestu daitekeela dio jokalariak. Asteburuan Osasuna B-ren aurka jokatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!