Abadiñoko Saskibaloi Taldeak emakumeen talde bat sortu du aurten

Joseba Derteano 2022ko ots. 19a, 10:20

Saskibaloirako tradizio handirik bako herria izan da Abadiño, baina joera hori aldatuz doa. 2018an saskibaloi klub bat sortu zuten, herriko historian lehenengoz, gizonen talde bategaz. Orain, emakumeen talde bat ere badabil entrenatzen, eta datorren denboralditik aurrera Bizkaiko ligan aritu gura du.

Emakumeen taldea sortzeko asmoa ez da berri-berria. Deialdi bat baino gehiago egin izan da, baina arrakastarik barik. Horregaitik, gaur egun taldeko entrenatzailea den Ander Díaz Moreno barakaldarra (Muntsaratzen bizi da) jendeagaz aurrez aurre geratzen hasi zen orain hile batzuk. "Buru-belarri hasi nintzen horretan. Pertsona bakoitzarengana hurreratzen ahalegindu nintzen eta, modu horretara, nahiko prozesu arina izan zen", gogoratu du. Zazpi bat jokalariko taldetxoa batu zuen, eta gerora kopuruak gora egin du apurka, hemeretzira heldu arte.

Bitxia den arren, jokalari bakar bat ere ez da abadiñarra. Gehienak Durangokoak dira. Zornotzako eta Eibarko jokalari bina ere badaude. Horren arrazoia da jokalari batzuk euren taldekide ohien artean ibili zirela mezua zabaltzen, eta tartean ez zegoen euren adineko abadiñarrik, Abadiñon ez delako inoiz seniorren talderik egon.

Jokalaririk gehienak 16tik 18 urtera artekoak dira eta batzuek saskibaloira bueltatzeko arrazoiak aurkitu dituzte Abadiñon, urte bi inguru jokatu barik egon eta gero. "Betiko lagunak berriro elkartu dira. Bost-sei jokalari kuadrilla berekoak dira. Umetan, denak batera aritzen ziren eskolan, baina gero, klub desberdinetara joan eta banatu egin ziren. Orain, talde berean batu dira berriro", dio Ander Diazek. 

Oraingoz, ez dabiltza lehiaketa ofizial batean. Astean birritan, Traña-Matienako kiroldegian entrenatzen dira. Gehienak aurretik saskibaloian aritutakoak direnez, ezagutzen dituzte oinarriak. "Orain taldea egiten gabiltza eta bata bestearengandik ikasten dabiltza. Gogotsu dabiltza eta hori pozgarria da", azaldu du Diazek. Uztailean, Bizkaiko ligan izena emateko asmoa dute eta dena ondo badoa, datorren denboralditik aurrera Bizkaiko ligan estreinatuko dira.

Gizonen taldea
Gizonen taldeak esperientzia zabalagoa du. Lau bat urte daramatzate elkarregaz, eta urtebetetik gora daramate Bizkaiko ligan jokatzen. Talde honetan, badabiltza Abadiñokoak diren jokalari batzuk.

Bizkaiko ligako lehenengo multzoan hiru garaipen eskuratu dituzte orain arte, baina, emaitzen gainetik, partiduetan sortzen den giroa azpimarratu du taldeko jokalaria ere baden Diazek: "Harmailetan beti batzen da jendea, eta gogotsu animatzen dute. Polita da ikusteko". Zaleen animo oihuen artean, 'Matienako Bulls' entzuten da. Izan ere, horixe da talde bien ezizena edo izen ez-ofiziala, NBA liga estatubatuarreko frankiziari erreferentzia eginez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!