Zergaitik joan zara sortu berri den klub batera?
Arrazoi birengaitik. Erronka baten bila nenbilen eta Abadiñokoa aukera ona iruditzen zitzaidan. Talde bat zerotik eraikitzea proiektu polita dela uste dut. Horregaz batera, hemen lagunak ditut ia denak. Aurretik ezagutzen nituen eta hori ere faktore garrantzitsua izan da.
Bila zenbiltzan hori aurkitu duzu?
Oraingoz oso pozik nabil. Jokalarien artean giro ona dago eta elkar ondo ulertzen dugula ikusten dut. Gainera, jokalaririk gehienak ez dira berriak mundu honetan; esperientzia dugu aurretik. Maila badagoela ikusten dut. Ikusiko dugu zer gertatzen den, baina ilusioagaz gabiltza.
Oraingoz, entrenatzen baino ez zabiltzate. Datorren denboraldian Bizkaiko ligan izena emateko asmoa duzue?
Bai, horixe da asmoa. Ligan jokatzea proposatu digute klubean, eta baietz esan dugu. Aurretik esperientzia izateak laguntzen du pauso hori ematen, eta animatuta gaude. Orain gogor gabiltza lanean, prest egoteko. Entrenamenduak serio hartzen ditugu.
Jokalaririk gehienak 18 urtetik beherakoak zarete oraindino. Hori handicap bat izango da?
Alde batetik bai, eta beste batetik ez. Gu baino esperientzia handiagoko jokalarien kontra jokatuko dugu eta oraingoz ezin dugu hori berdindu, baina taldean ilusioa ikusten dut, ondo egiteko eta zenbat balio dugun ikusteko gogoa, eta hori alde izango dugu.
Zelan moldatzen zarete Ander Díaz entrenatzaileagaz?
Asko laguntzen digu. Jatorra da eta taldean giro ona sortzen laguntzen du. Entrenamenduak ondo prestatzen ditu eta asko ikasten gabiltza. Oso gustura gaude beragaz.
Kuriosoa da Abadiñoko klub batean jokalari abadiñarrik ez izatea. Etorkizuneko erronka bat da herriko jokalariak batzea?
Bai. Gustatuko litzaiguke taldera Abadiñoko jokalariak batzea. Ni neure kontura ahalegintzen nabil hori lortzeko asmoz. Abadiñoko lagunak ditut eta taldera batzea proposatu diet. Pentsatuko dutela esan didate. Ikusiko dugu zer erabakitzen duten. Batuko balira, albiste ona litzateke eta gu pozik egongo ginateke.