Goizeko 08:00etan ziren hastekoak Irazolako zubia eraisteko lanak. Inguruetan Abiadura Handiko Trenaren lanak daude, eta kamioien joan-etorria errazteko, Irazolako zubia botatzekoak dira. Bertako bizilagunek hainbat bider salatu dute AHTren lanetara doazen kamioien joan-etorria “etengabea” dela; horrez gainera, joan-etorri horiek egiteko baimenik ez dutela ere salatu izan dute azken hilabeteetan.
Goizean goizetik bertan batu dira hainbat bizilagun eta AHTren aurkako ekintzaile lanak geratzeko helburuagaz. Langileak eta lanak egiteko makineria ere bertan egon dira, baita Ertzaintzaren patruila pare bat ere. Irazolarako bidea ordu pare batez moztua egon da. Ertzaintzaren patruila gehiago hurbildu dira gunera ostean, bertaratuak kanporatzeko asmoz; banan bana kanporatu dituzte bertatik, ostean, identifikatzeko.
Hainbat orduz lanak etenda egon ostean, lanak egiteko makineria ostera eraman dute Irazolako sarbidera.