“Tor des Geants probako errekorra hobetu dezakedala uste dut”

Joseba Derteano 2021ko ira. 11a, 10:30

Azken hile eta erdian, lasterketa prestigiotsu bi irabazi ditu Silvia Triguerosek (Abadiño, 1976): Italiako Miglia del Monviso –168 kilometrokoa– uztail amaieran, eta  L'Echappee Belle –150 kilometrokoa– abuztuan. Emaitza horiek sasoian dagoela erakusten dute eta bere proba kutunari itxaropentsu begiratzeko moduan dago.

Zelan zaude erronkaren atarian?
Mota hauetako probetara beti dudekin joaten zara, baina sasoian eta gogotsu nago. Orain gutxi, beste proba bat egin dut Tor des Geants-erako prestaketa moduan eta ondo joan da. Analisiak egin berri ditut eta, nire ohiko kopuru baxuaren barruan, inoiz baino hematokrito kopuru handiagoa dut. Konfiantza dositxoak dira. Buruak zeresan handia du. 

Lasterketa honetan, emakumeen errekorra zeurea da 2019tik: 85 ordu, 23 minutu eta 15 segundo. Hobetzea posible ikusten duzu?
Bai, Tor des Geants-eko errekorra hobetu dezakedala uste dut; horixe da idea eta horretara noa. Senarrak posible dela dio eta normalean asmatu egiten du.

Baikor zaudete.
2019ko aldiko azken zatia hobetzeko modukoa izan zen. Hankak apur bat puztu zitzaizkidan, bastoia apurtu zitzaidan, birritan jausi nintzen… Hobetzeko tartea dagoela uste dut.

Helburu anbiziotsuak jartzeak kirol maila hobetzen laguntzen dizu?
Bai, laguntzen dit. Beti orduari begira joaten naiz. Motibazio bat izaten da. Orain urte bi horrelaxe joan nintzen, etengabe erlojuari begira. 

Denborei askotan begiratzeak zertan laguntzen dizu?
Nik ibilbidea zatika banatzen dut. Zati bakoitzari denbora bat ematen diot eta hori kontrolatzen joaten naiz. Ondo banago eta, gainera, tarteetako denbora hobetzen banabil, ba horrek konfiantza-plus bat ematen du. Probari bere osotasunean bakarrik begiratuko banio, bere 85 orduetan, ez nuke irten ere egingo!

Errekorra hobetzea zer faktoreren barruan dago?
Faktore asko daude, baina, batez ere, meteorologia. 3.000 metrotik gorako mendietatik igarotzen gara eta eguraldia ordu gutxiren barruan aldatu daiteke. Gertatu izan zait toki batetik ateri zegoela igarotzea eta helmugan lasterketako argazki batzuk ikustean toki bera elurtuta ikustea. Hotza ondo kudeatzea da beste faktore bat eta gauetan atseden ondo hartzeko kapaz izatea.

Egoera gogorretan lo egiten ikasi egiten da? Entrenatu daiteke?
Nik ez dut entrenatu beharrik. Lo txarto egin ohi dut; beraz, suposatzen dut urte osoko entrenamendua dudala (barrez). Baina lehenengoz parte hartu nuenean kontrakoa gertatu zitzaidan. Lo gutxi egiten dudanez, ez nuela arazorik izango uste genuen, baina ez dakit zer gertatu zitzaidan. Lo egin beharraz obsesionatu-edo egin nintzen, eta ezin nuen!

Oso toki garaietatik igarotzen zaretela aipatu duzu. Oxigeno faltak eragiten dizu?
Esango nuke alderdi hori ondo entrenatuta izaten dudala. Lehenengo aldi bietan, ibilbidean entrenatzen egon nintzen aurreko egunetan, eta egoerara moldatu nintzela suposatzen dut. Hurrengo aldi bietan Andorrako lasterketa batean parte hartu nuen aurretik eta oporrak ere han eman nituen. Aurten, ostera, L'Echappee Belle lasterketan parte hartu dut abuztu amaieran eta han ere 40 bat kilometro 2.000 metrotik gorako garaieran egin ditut. 

Esan izan duzu beharbada aurtengoa izango dela zure azkenengo parte hartzea Tor des Geants proban. Esandako horri eusten diozu?
Tira, aho txikiagaz mantentzen dut. Kontua da Reunion irlako [Ozeano Indikoan, Madagaskarren ondoan] Diagonale des Fous proban parte hartzeko gogoa dudala orain urte batzuetatik hona, eta urrian da. Datorren urtean proba hori egin gura dut eta Tor-era banoa ezingo nuke ondo prestatu. Baina Tor-era aurrerago ere bueltatu naiteke. Horregaitik diot aho txikiagaz esaten dudala.

Aurten bosgarrenez parte hartuko duzu Tor des Geants proban eta 'Tor' dokumentala ere lasterketa horretako zure balentrien ingurukoa da. Zure proba kutuna da?
Gehien markatu nauen lasterketa da. Hirugarren parte-hartzean, hasieratik markatuta neukan denbora, 90 ordu, hobetu nuenean, hustasun bat sentitu nuen. Eta orain zer? Pentsatu nuen. Hori sekula ez zitzaidan aurretik gertatu. Mendi lasterketetarako ilusioa berreskuratzea kostatu egin zitzaidan.

Abuztu amaieran L'Echappee Belle irabazi zenuen. Probari beldur handia zeniola zenioen sareetan. Zergaitik?
Lagun batek esan zidan parte hartu eta ez zuela amaitu. Beste batek esan zidan oso gogorra zela. Bitartean, antolatzaileen gonbita jaso nuen parte hartzeko. Onartu egin nuen. Aste eta erdi lehenago joan nintzen, entrenatzeko, eta orduan beldurtu egin nintzen. Ordu asko behar ziren kilometroak egiteko. Dena bide harritsuak eta erlaxatzeko tarte txikienik ere ez. Zorionez, ondo joan zen eta irabazi egin nuen. Baina inoiz egin dudan lasterketarik gogorrenetarikoa izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!