Txokoak

"Datorren astebururako ateak berriro ere zabaltzea da gure asmoa”

Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 2a, 09:30

Esti Ania Uribarren Abadiñoko Gaztañodi elkarteko bazkidea eta zuzendaritza taldeko kideetariko bat da. Elkarteak 2012an zabaldu zituen ateak eta 41 bazkide ditu gaur egun.

Elkarte gastronomikoak zabaltzeko baimena indarrean dagoen arren, zuek egoera berezian harrapatu zaituzte.
Gogotsu gaude zabaltzeko, baina obra batzuk egiten gabiltza eta, oraingoz, ezingo dugu hori egin. Iazko konfinamendua amaitu zenean, ekainean, elkartera bueltatu, eta atea zabaltzeagaz batera barruan erre usaina zegoela igarri genuen. Elektrizitate gainkarga bat gertatu zen gu konfinatuta egon ginen bitartean. Gauza asko izorratu zitzaizkigun. Argiztapena, aire girotua, ontzi garbigailua eta horrelakoak. Egunotan aire girotua konpontzera etorri dira eta margoketa lan batzuk ere egin gura ditugu. Jakina, gero garbiketa orokor bat ere egin beharko dugu. Datorren astebururako ateak berriro ere zabaldu ahal izatea da gure asmoa.

Bidean izan duzuen beste kalte bat da elkartean biltegiraturiko produktuak iraungi egin zaizkizuela.
Bai, baina, zorionez, ez da gauza handirik izan. Hozkailuko produktuak galdu dira, freskagarriak, garagardoa gehienbat.

Zuen bazkideen artean ba al dago txokora bueltatzeko gose hori?
Bai, bai, igartzen da. Jendeak galdetzen du elkartea noiz egongo den erabilgarri. Txoko honetan mugimendua egoten da aste barruan. Eguenetan, batez ere. Kuadrillatxo bat etorri ohi da hona.

Txokoak zarratuta egote honek eragina izango ote du hartu-eman ohituretan?
Euskal Herrian mahai baten bueltan egiten dira jaiak zein akordioak. Iruditzen zait pandemiak aldatu egingo dituela hartu-emanak. Jende askok beldurra du oraindino. Baina egia da, aldi berean, txokora etortzeko gogoa ere ikusten dudala.

Honako beste kide hauek ere elkarrizketatu ditugu:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!