Txokoak

"Zabaldu dugunean, berehala egin dira erreserbak; beraz, badago gogoa"

Ekaitz Herrera 2021ko uzt. 2a, 09:30

Arrate Elkoro Zengotitabengoa (Durango, 1979) eta Aitor Astigarraga Agirre (Durango, 1969) Napar txokoko juntako kideak dira. 2018ko otsailean inauguratu zuten elkarte gastronomikoa. Pozik hartu dute irekiera.

Bueltatu da aktibitatea txokora?
Aitor Astigarraga: Legeak zer dioen ikusi eta gero, joan zen barikuan zabaldu genuen txokoa. Asteburuan mugimendua egon zen.

Txokoak zabaldu zitezkeela esan zutenean, zelan hartu zenuten albistea?
Arrate Elkoro: Oso gogotsu gaude. Txokoa erabiltzeko gura dugu. Txoko hau oso berria izanda, albiste ona da. Aldi berean, ardura batzuk ere baditugu. Arauak aldatu, aforoak mugatu... Horrek badu bere alde negatiboa. Txokoak funtzionatzen du erabilera handia badago. Oraingoz, kontu ekonomikoak ondo daude, baina horrek ere sortzen du kezka.
A.A.: Zabaldu dugunean, berehala egin dira erreserbak; beraz, badago gogoa. Iaz zabaldu zenean, ez horrenbeste.
A.E: Erabiltzaileen Whatsapp taldea dugu eta dekretua kaleratu zenean, txaloak eta horrelakoak egon ziren (barrez).

Ibili zarete txokoan asteburuan?
A.A. : Asteburuan ez gara egon. Baina joan zen eguaztenean juntako batzarra egin genuenean estreinatu genuen. Suak eta horrelakoek ea funtzionatzen zuten begiratu behar genuen.
A.E: Dena atondu genuen. Iraungipen data pasatuta zuten produktu batzuk kendu, beste batzuk eskatu... horrelako gauzak egin genituen.

Zenbat denbora egon da itxita?
A.A. : Urte eta erdi. Iazko ekainean eta uztailean zabalik egon zen. Guk geuk erabaki genuen abuztuan ixtea, mugimendurik egongo ez zelakoan.

Gatxa izan da arau berrietara moldatzea?
A.A: Esate baterako, erreserbak sistema informatiko baten bitartez egiten dira eta konfigurazio hori aldatu egin behar izan dugu. Sei pertsonako lau talde sartu daitezke. 24 pertsona egon daitezke gehienez.

Pandemiaren eraginez bazkideren batek uztea erabaki du?
A:E:.: Hiru aldaketa izan genituen pandemiaren aurretik, eta horiek atzeratu behar izan ditugu.

Egoera honek izan du eraginik ekonomikoki?
A.E.: Hileko kuota dugu, eta, aldi berean, gastu batzuk murriztu egin ditugu. Beraz, kuotagaz gastu finko batzuk estali ditugu. Baina zabaltzerakoan beste gastu batzuk etortzen dira eta horiek erabileragaz estaltzen dira.

Egoera honetan juntan egotea egokitu zaizue.
A.A.: Junta erdia sei hilero berrizten da. Beraz, beti dago aurretik egon den baten bat. 2019ko irailean sartu ginen eta 2020ko irailera arte egon behar genuen. Gure aurretik zeuden beste hiru horiek 2020ko otsailean irten behar zuten. Aldaketa orain egingo dugu. Gure aurretik zeuden hirurek irten egingo dute eta beste hiru berri sartuko dira. Beraz, irailean urte bi egingo ditugu.
A.E.: Dena atzeratzen joan da. Batzarra ere atzeratu genuen eta hori barik ezin da junta aldatu.

Zelako batzarra egin zenuten?
A.E.: Telematikoa izan zen. 
A.A.: 2020ko martxoan egin behar genuen batzarra, baita bazkideen bazkaria ere, baina etorri zena etorri zen gero.

Izan duzue buruko minik kudeaketan?
Nahikoa lasai ibili gara. Erreserbak egiteko sistema, eskaerak egitea... Baina buruko minik ez. Nahikoa ados egon gara denok.

Honako beste hauek ere elkarrizketatu ditugu:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!