[ARGAZKI GALERIA] Desalojoaren aurkako manifestazioa egin dute Abadiñon

Ekaitz Herrera 2021ko api. 17a, 21:05

Manifestazioak Zelaieta auzoko kaleak zeharkatu ditu "Desokupa kanpora, faxismoari antolakuntzaz erantzun" lemapean. Ehunka herritarrek egin dute bat Abadiñoko Gazte Asanbladaren deialdiagaz.

Manifestazioa 20:00etan abiatu da Ferialeku plazatik. Bertara batutako ehunka herritarrek auzoko kaleak zeharkatu dituzte "Desokupa kanpora!", "Faxismoa borrokatu!" edo "Espazioen gaineko langile kontrola!" bezalako aldarrikapenak oihukatuta. Bukaeran, testu bat irakurri dute. Abadiñoko Gazte Asanbladako kideen esanetan, eguenean gertaturikoa ez zen "txikikeria" izan; "larritasun handiko" gertakaria baino. Desokupa enpresako kideak "9:30etan" agertu zirela azaldu dute. Gaineratu dutenez, estanko zaharra zegoen eraikina "inongo desalojo agindurik barik" hustu zuten, eta etxe barruan zeuden bizilagunei "mehatxuz eta indarkeriaz" sinatuarazi zieten etxea abandonatzeko agiria.

Bestalde, Ertzaintzaren jokabidea ere kritikatu du Gazte Asanbladak. Euren esanetan, Ertzaintzak eta Desokupak "elkarlanean" egin zuten desalojoa eta eguen arratsaldeko manifestazioa bukatu ostean, "dozena bat agentek" manifestariak "jipoitu" zituztela salatu dute. Herritar bat atxilotu zuten bertan. Elkartasuna adierazi diote atxilotutako gazteari: "Ez zaude bakarrik". Testuaren bukaeran, "gizarte klasista okupazioa kriminalizatzen" ari dela, eta "okupazioaren aurkako ofentsibari" eta "faxismoari aurre egiteko" modua antolakuntza eta mekanismo sozialak sortzea direla gaineratu dute.

Gaurko deialdia Abadiñoko Gazte Asanbladak egin duen arren, beste hainbat eragilek ere egin dute bat mobilizazioarekin. Esate baterako, Gazte Koordinadora Sozialistak eta Durangaldeko Kontseilu Sozialistak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!