Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du Abadiñon, goizeko desalojoaren kontrako protestan

Ekaitz Herrera 2021ko api. 15a, 21:34

Ehunka lagunek protesta egin dute gaur Abadiñoko Zelaieta auzoan, Desokupa taldeak goizean herriko etxebizitza batean egin duen desalojoa salatzeko. Presentzia polizial nabarmena egon da eta tentsio uneak egon dira Ertzaintzako agenteen eta manifestarien artean.

Herritarrek Ferialeku plazan hasi dute protesta, Aitte Kurutzeko ermitaren parean, arratsaldeko 19:30etan. Handik gutxira  N-636 errepidea moztu dute eta manifestazio txiki bat egin dute Zelaietako kaleetan, azkenik, errepidea bigarrenez mozteko. Momentu horretatik aurrera manifestariak Ferialekura bueltatu dira eta tentsioa areagotu egin da Ertzaintzaren eta protestan ari ziren herritarren artean. Ertzaintzaren furgoneta gehiago azaldu dira orduan. Zazpi furgoneta egon dira guztira.

Ertzaintzaren iturriek jakinarazi dutenez, pertsona bat atxilotu dute "agente bati eraso egiten saiatzea" leporatuta, eta agente bat zauritu dela ere gaineratu dute. Bestalde, "hainbat" herritar identifikatu dituztela jakinarazi du Ertzaintzak, "agenteei irain egitea" egotzita. Atxilotutako gaztea epaitegira eraman dute. Bestalde, manifestazioan parte hartu zuten kide batzuek azaldu dute Ertzaintza sakabanatuta zegoen gazte talde bati "oldartu" zitzaiola behin protesta amaituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!