LIGATZEKO APLIKAZIOAK

“Tabernetara joan ezin denez, orain jende asko dabil Tinder erabiltzen hartu-emana izateko”

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 29a, 09:30

Ainhoa Gil Ruizek (Abadiño, 1988) urteak daramatza ligatzeko aplikazioak erabiltzen. Bai jendea ezagutzeko eta bai sexua bilatzeko, Tinder erabili izan du gehienbat. Marrazkilaria denez, lanerako inspirazio iturri modura ere erabili izan du. Ainhoa GoGreen da bere izen artistikoa. 

Noiz hasi zinen Tinder erabiltzen?
Tinder baino lehen Badoo erabiltzen nuen. Orduan ez zegoen hainbesteko ohiturarik horrelako tresnak erabiltzeko. Esango nuke  txarto ikusita ere bazegoela. Gerora, bikotekideagaz ia urte biko hartu-emana amaitutakoan, Tinderrek ospea hartu zuela igarri nuen. Bilbora etorri nintzenean erabaki nuen Tinder erabiltzea. Gaur egun normalizatu egin dela iruditzen zait. Oso zabalduta dago.

Zer bilatzen zenuen aplikazioagaz?
Gehienbat, jendea ezagutzea;  nahiz eta sexuaren faktore hori beti egon den hor. Iruditzen zait hor heziketa lan bat egin behar dugula. Askotan gertatu zait baten bategaz txateatzen hasi, Kaixo, zelan? galdetu eta erantzun lez ia sexurik gura ote dudan galdetzea. Horrek min egiten du. Lagunei komentatzen nien eta esaten zidaten ea zer uste nuen, Tinder hori zela. Badirudi jarrera batzuk normalizatu egin direla eta oso erraza da hor jaustea. Jendeak uste du sexu bila zoazela bakarrik. Bai, gehienbat sexua bilatzen da, baina badira beste mota bateko erlazioa bilatzen dutenak.

Beti zabiltza aplikazioa ipini-kendu, ipini-kendu.
Bai, azken bolada honetan kenduta daukat. Izan ere, interesgarria den baten bat ezagutzeko gogoa sartzen zaidan aldiro aspertuta amaitzen dut. Denbora tarte bat hartzen duzu jendea ezagutzeko, berba egiteko, baina nekatu egiten zara. Gainera, orain, tabernetara joan ezin denez, jende asko dabil Tinder erabiltzen. Ni kontrakoa egiten nabil, handik kanpora egoten ahalegintzen.

Tabernek ateak itxi beharraren ondorioz, Tinderren jende gehiago dabilela igarri duzu?
Bai, baina ez hori bakarrik. Konfinamenduan zehar nabarmendu egin da iraupen luzeagoko hartu-emana bilatzeko joera. Erlazionatzeko modua aldatu egin denez, orain sexua bakarrik ez, beste zerbait ere bilatzen dela esango nuke. Konfinamenduan lan baterako berrinstalatu nuen aplikazioa eta sentipen hori izan nuen.

Erabili izan duzu Tinder ez den beste aplikaziorik?
Aspaldi, Adopta un tío aplikazioa erabili nuen. Lovoo erabili izan dut. Bumble ere bai. Instagram gustuko dut, baina, adibidez, ez daukat Tik Tok konturik. Marketing ikasketak ere egin ditudanez, gustatzen zait horrelako gauzak ezagutzea.

Koronabirusa hor zehar ibili arren, jendeak hartu-emanak sortzen jarraitzen du?
Baietz esango nuke. Gogoan dut, aurrekoan, lagun batzuen estudioan entzundakoa. Ikasleen egoitza batean elkar musuka ikusi zuten bikote bat, bakoitzak ahoan maskara ipinita zuela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!