LIGATZEKO APLIKAZIOAK

'Tinder belaunaldia': ligatzeko modu berrien aroa

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 29a, 09:30
Lahia 3.0 taldeko kideak: Leire Zubizarreta, Itsaso Cañada, Jone Exposito eta Ihintza Lapazaran.

Lehen, erromerian; gero, diskotekan. Eta orain, Interneteko sare sozialetan. Hortxe dago merkatua, hortxe gaur egungo ligodromoa. Telefono mugikorraren bitartez ligatzeko joera geroago eta zabalduago dagoela dirudi, eta askok jendea ezagutzeko aplikazioetara jota bilatzen dituzte hitzorduak.

"Geroago eta joera handiagoa dugu horrelako aplikazioak erabiltzeko, eta badirudi aurreiritziak alde batera uzten gabiltzala. Lehen, erreparoa eman zezakeen baten bat mugikorreko aplikazioen bitartez ezagutu zenuela esateak. Orain, hori guzti hori normalizatuago eta onartuago dago", dio Leire Zubizarreta psikologo eta sexologoak (Azkoitia, 1995). Bera eta Itsaso Cañada (Irun, 1988) Lahia 3.0 Sexologia eta Hezkidetza elkarteko kideak dira. Besteak beste, sexologiari lotutako aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute Abadiñon, AbadiñoSex izenpean.

Teknologia berrien eraginez, ugaritu egin dira hartu-emanak bilatzeko tresnak, baina horrek ez du esan gura ligatzea bera asko aldatu denik. Cañadak eta Zubizarretak paralelismo bat egin dute tabernetan aurkitu daitekeenaren eta sarean aurkitu daitekeenaren artean. "Parranda batean hainbat pertsona topatzen dugu, eta aplikazio hauetan ere gauza bera gertatzen da. Denerik topatu dezakezu. Batzuek berba baino ez dute egin gura. Beste batzuek bizi osorako hartu-eman bat bilatzen dute. Eta badira egun bakar bateko sexua bilatzen dutenak ere", dio Cañadak. "Aplikazioetan baten bategaz konexioa lortzen baduzu, elkar ezagutze hori kalera eramaten da gero", gaineratu du Zubizarretak. Ainhoa Gil abadiñarrak, adibidez, hainbat bider jo du Tinderrera, jendea ezagutzeko. Sexuari lotutako faktore hori bete hor egon dela ere aitortzen du.

Instagram ere bai
Aplikazioen artean Tinder da zabalduena (hortik erreportaje honen izenburua). Baina horrek ez du esan gura bakarra denik. Gustu guztietarako aplikazioak topatu daitezke sarean. Hona hemen izen batzuk: Wapa, Grindr, Meetic edo Lovoo. Dena dela, Cañadak Instagram ere kokatuko luke zerrenda horretan. "Instagramek garrantzi handia du, batez ere, gazteagoen artean. Adibidez, DBHko ikasleen artean gehiago ligatzen da Instagram edo Tik Tok erabilita. Tinderri buruz oso komentario gutxi egiten dizkigute", dio. Horren arrazoia aplikazioak erabili ahal izateko adina litzateke, hamazortzi urte eduki behar direlako Tinder erabiltzeko.

Lerrook irakurrita baten bati aplikazioren bat erabiltzeko grina sartzen bazaio, ohar txiki bat: bilaketa egiterakoan ezezaguna zaion jende asko topatuko du, baina baliteke ezagunen bategaz ere topo egitea. Demagun auzokideagaz, herrikide bategaz edo bistaz baino ezagutzen ez duen norbaitegaz. Alde horretatik, inor ez dadila larritu. Aurreiritziak atzean geratzen hasi dira. "Lehen, herri txiki batekoa bazinen eta aplikazioan sartuta bazenbiltzan, herri osoak zuen horren berri. Orain, normalizazio bat gertatu denez, erreparoak atzean geratu dira", dio Zubizarretak. "Adin, orientazio eta genero askotako jendea topatu dezakezu bertan", gaineratu du.

Aukerak, arriskuak
Ez dago dudarik. Aplikazioek ate asko zabaltzen dituzte. Baina horrek ez du esan gura tentuz ibili behar ez denik. Leku guztietan legez, hemen ere badira iruzurrak, eta tarteka posible da egiazkoa ez den erabiltzaile bategaz topo egitea. Beste alde negatibo bat da sareak ez duela aurrez aurreko topaketak eskaintzen duen freskotasun hori ematen. "Beste erabiltzaileren bategaz berbetan hasita, haren irudi bat egiten duzu, baina zuk ez dakizu zelako ahotsa duen, zein keinukera dituen, zein usain duen. Informazio hori ez duzunez, zuk eraikitako irudi horrek gero ez du zertan errealitateagaz bat egin", azpimarratu du Zubizarretak.

Edozelan ere, aukeraz beteriko eremu bat ere bada. "Jendea ezagutzeko aukera duzu. Herriko betikoak barik, urrutiragokoak. Herri berri batera bazoaz ere, lagunak egiteko balio diezazuke. Antzera bateko interesak dituen jendea topatu dezakezu", gaineratu du.

Ligatzeko aplikazioak orain urte batzuk sortu ziren eta Durangaldean ere modu naturalean errotu direla dirudi. Etorkizuneko hartu-emanen norabidea ote? 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!