LIGATZEKO APLIKAZIOAK

"Babes neurri guztiak beteko bagenitu, sexu hartu-emanak izateko modu bakarra bikotekideagaz bizitzea litzateke"

Ekaitz Herrera 2021ko urt. 29a, 09:30

Onartu dezagun. Ez da ligatzeko sasoirik onena. Hartu-eman sozialak gutxitu diren neurri berean gutxitu dira hartu-eman afektibo-sexualak. Eta badirudi halantxik izango dela zati baterako.

"Hartu-eman guztiak bigarren plano batean geratu dira, eta ez dakigu honek guzti honek zein ondorio ekarriko dituen epe luzera", diote AbadiñoSex zerbitzua eskaintzen duten Itsaso Cañadak eta Leire Zubizarretak. "Momentu honetan hartu-eman afektibo-sexualak aseta izateko, zure bikotekide egonkorragaz bizi behar duzu", dio Zubizarretak. "Eta, beraz, hartu-eman monogamikoak baino ezin dituzu izan", gaineratu du Cañadak. Eta, jakina, hori guztia bikotekidea izanez gero, bikotekideagaz biziz gero, eta, asko jota, bikotekidea udalerri berean biziz gero.

Bestalde, sexuaren bitartez transmititutako gaixotasunen zerrendako beste bat bihurtu da koronabirusa. "Ez dakit momentu honetan sexu segururik existitzen ote den. Eskatzen  dizkiguten babes neurriak guztiz beteko bagenitu, sexu hartu-emana izateko aukera bakarra zure bikotekideagaz bizitzea litzateke. Bestalde, ez da ahaztu behar koronabirusa baino lehen ere bazirela sexu arriskuak, eta horiek hor egonda ere, jende askok ez zuela kondoirik erabiltzen. Honegaz ere antzekoa da. Hartu-emana izaterako momentuan maskara kentzen duenak bere gain hartzen du gaitza hartzeko arriskua", azaldu du Itsaso Cañadak.

Aste honetako erreportajean Tinder belaunaldiari buruz jardun du berripaper honek. Ainhoa Gil abadiñarra gisa honetako aplikazioen erabiltzailea da. Berari egindako elkarrizketa irakurgarri dago. Bestetik, Lahia 3.0 Sexualitatea eta Hezkidetza taldeko kideekin aletu ditugu ligatzeko aplikazioak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!