Emtesport enpresarekin duen kontratua beste urtebetez luzatzea erabaki du Abadiñoko Udalak

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 26a, 13:38

Orain arte Emptesport enpresak kudeatu ditu Astolako kiroldegiko zerbitzuak eta aurrerantzean ere enpresa horrek berak segituko du lanean. Kontratua luzatzearen alde egin dute EAJk eta Abadiñoko Independenteek. Kontra egin du EH Bilduk. Igerilekuak, bitartean, zarratuta jarraituko du.

Abadiñoko Udalak Emptesport enpresarekin zuen kontratua beste urtebetez luzatzea erabaki du. Udal ordezkariek osoko bilkura egin dute gaur eta bertan hartu dute erabakia. Luzapenaren alde egin dute EAJk eta Abadiñoko Independenteek. Kontra egin du EH Bilduk. Mikel Garaizabal alkateak arrazoi nagusi bi ipini ditu luzapena egiteko. Batetik, kiroldegian "zerbitzu publikoa ematen jarraitzeko" asmoa. Bestetik, indarrean dagoen akordioa "likidatzeko" beharra. Garaizabalek azaldu du 2015ean sinatu zela Emptesporten eta udalaren arteko azken kontratua, eta, haren arabera, 10 urterako akordioa hitz eman ziotela elkarri. Behin lehenengo 5 urteak pasata akordioa urtero-urtero berreikusiko zutela adostu zuten. Bada, puntu horretantxe dago Abadiñoko Udala: bost urte pasata eta aurrerantzean kontratuak urtero berrikusteko moduan. Garaizabalek kontratua beste urtebetez luzatzea defendatu du "gauzak beste era batera egiteko esperantzarekin".

EH Bildu ez da erabakiarekin bat etorri eta "oso larritzat" jo du Astolako kiroldegiaren egoera. "Kulebroi" batekin alderatu du. Mikel Urrutia bozeramailearen esanetan, "okerrak" egon dira bai erabakia hartzeko "prozeduran", eta baita erabakiaren beraren edukian ere. Kiroldegiak arazo teknikoak dituela eta hurrengo hilabeteetan zarratuta egongo dela jakitun, kontratua "berdin-berdin" mantenduko duela aurpegiratu dio udal gobernu taldeari. "Gartentasunik barik"  eta "parte hartzerik barik" aritu izana ere leporatu dio.

Luzapenak "zerbitzu baten jarraipena bermatzen" duela defendatu du Javier Crespo Independenteak. Ildo beretik egin du berba Garaizabalek ere: "ahalik eta zerbitzurik onena ematen jarraitu behar dugu; are eta gehiago egoera honetan". Zentzu horretan, akordioa likidatzerakoan kontratu baldintzak birplanteatzeko aukera egon daitekeela gaineratu du alkateak.

EH Bilduren adierazpena eta diru-itzulketak

EH Bilduk adierazpen bat aurkeztu du. Kiroldegiko langileen grebengatik kaltetutako erabiltzaileei kuotak itzultzea eta mantentze lanei buruzko ikuskaritza bat egitea proposatu du, besteak beste. EAJk eta AIk ez dute adierazpena babestu. Eskatzen ziren gaiekin "lanean ari direla" esan du Crespok. Mikel Garaizabal alkateak, berriz, baieztatu du Emptesport enpresa "konprometitu" egin dela erabiltzaileei "eskaini bako zerbitzuen" ordainketak bueltatzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!