Abadiñoko igerilekua itxita egongo da hurrengo hilabeteetan

Ekaitz Herrera 2020ko ots. 28a, 12:34

Estalkiak "korrosio egoera orokorra" duela ondorioztatu dute txosten teknikoek, eta arazoa konpotzeko prozesua martxan ipini du udalak. Enpresa bati agindu dio ikerketa bat egitea. Eta ikerketa hori egin ostean jakingo da, ea kalteak konpondu, ala teilatu osoa berritu behar den. Ikerketa horrek "bi hilabete inguru" iraungo du Garaizabal alkatearen esanetan. 

Pasa den otsailaren 16ko haizeteek Astolako igerilekuaren zati bat jaustea ekarri zuten. Ordutik zarratuta dago igerilekua, eta halaxe jarraituko du aurrerantzean, udalak, teilatuari konponbidea eman arte. Izan ere, haizetea gertatu eta gero, estalkiaren egoera zer nolakoa den aztertu dute. Ondorioztatu dute egoera txarrean dagoela, eta horri konponbidea emateko lanak hasiko ditu Abadiñoko Udalak.

Erabiltzaileekin eta langileekin zer egin

Iazko uztailean Astolako kiroldegiko langileek emandako datuen arabera 2.000 bat erabiltzaile ditu kiroldegiak (Erabiltzaile denak kontuan hartuta, bai igerilekukoak, bai gimnasiokoak eta bestelako zerbitzuetakoak ere). Egoera honen aurrean neurriak hartuko ditu udalak. Gaurko prentsaurrekoan jakitera eman dutenez, erabiltzaileei nola konpentsatu pentsatzen ari dira. Itxita dagoen bitartean "beste leku batzuetara" joateko diru-laguntza partida aztertzen ari da udala. Bestalde, kiroldegiko langileekin zer gertatuko den ere ez dago argi. 

Egoera honek igerilekuari eragiten dio, ez gimnasioari. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!