Astolako igerilekuetako konpontze lanak "hainbat hilabetez" luzatuko direla ohartarazi du Abadiñoko Udalak

Aritz Maldonado 2020ko mai. 22a, 12:33

Mikel Garaizabal alkateak eta Javier Crespo alkateordeak eskainitako prentsaurrekoan, lanak ""luze joango direla" adierazi dute. Estalkiaz gainera, askako hodi berri bat ezarri beharko da. 

Garaizabal alkatearen arabera, "hainbat hilabetez" itxita egongo dira igerilekuak. Horrez gainera, "ekonomikoki garestiak" izango dira konpontze lanak. Izan ere, estalki zaharra kendu eta berri bat jarri beharko da. Abadiñoko Udalak aste honetan jaso du Tecnalia enpresari eskatu zion txostena.  Estalkiaz gainera, igerilekuko askan hodi berri bat ezarri beharko da, baita ere. "Duela hiru urte igerilekuko sakontasuna txikitzeko  zen; osorik aldatu beharko da hori" azaldu du Crespo alkateordeak. 

Datozen egunetan hasiko dira estalki zaharra kentzeko lanak. Igerilekuak ostera martxan noiz egongo diren, ordea, ezin dute aurreratu. "Une honetan ezin dugu esan noiz zabalduko diren igerilekuak, hilabeteetako lanak izango dira, eta kalitatezko zerbitzu bat eta segurtasuna, bermatu artean ezingo dira zabaldu" zehaztu du alkateak.

Erabiltzaileei itzulketak

Otsailean igerilekua itxi zenetik, erabiltzaileak nola konpentsatu pentsatzen egon da Abadiñoko Udala. Garaizabalen arabera, Astolako kiroldegia kudeatzen duen enpresak dirua itzultzeko borondatea agertu du. "Datozen egunetan zehaztuko dute nola egingo diren itzulketak, baina enpresaren borondatea dirua erabiltzaileei itzultzekoa da". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!