Jaia kalean egiteko gogoek itxaron egin beharko dute. Hori bai, inork ez du esan jaiak etxean ezin direnik ospatu. Eta Traña-Matienako etxeetan, ospatu, ospatuko dituzte. Abadiñoko Udalak jaietarako egitaraua osatzeko ideia bilketa bat hasi zuen pasa den astean eta horrek utzi du emaitzarik. Mikel Garaizabal alkatearen esanetan, 23 bat auzotarrek euren proposamenak bidali dizkiote udalari. Egitaraua publiko egin barik dago oraindik, baina Garaizabalek azaldu du denetarik dagoela jasotako proposamenen artean. "Donien Atxa ipintzen den egunean txupinazo bat egitea, paellen egun bat egitea, balkoietan mozorrotzea edo edadetuenendako txalo zaparrada eskaintzea dira proposamenetako batzuk". Laster zehaztuko dute egitaraua.
Udalak sortutako ideia bilketaz aparte, baina, bada jaiak bere kabuz antolatzen hasi denik. Egunotan, Traña-Matienako hainbat etxebizitza ataritan auzotar batzuek inprobisatutako egitaraua ikus daiteke zintzilikatuta. Bistan denez, dela udalaren jai egitaraua edo dela auzotarrek inprobisatutako festa, zarraparra eta kolorerik ez da faltako Traña-Matienan. Horiek bukatutakoan, baina, argitzeke dago ea zer gertatzen den San Trokaz jaiekin. Abadiñoko zaindariaren omenezko jaiak maiatzaren erdialdean ospatu ohi dira eta ikusteke dago ea sanprudentzioekin erabilitako formula bera aplikatzen ote duen udalak.
Oromiñon ere bai
Iurretako Oromiño auzoan ere jaiak ospatzea zuten aurreikusita asteburu honetan, eta han ere, ezinbestean, etxez etxeko formatuan ospatu beharko dituzte. Buztarri kultur elkarteko eta jai batzordeko kideek jakinarazi dutenez, egitasmo batzuk aurrera eramango dituzte. Horien artean daude tortilla txapelketa etxetik egitea, topa egiten ageri diren bideoak elkarbanatzea, koplak egin eta musikatzea edo argazkiak batu eta horiekin muntaketa bat egitea.
Abadiñon zein Oromiñon gertatzen dena ospakizun guztiekin gertatzen ari denaren erakusgarri da. Euskal Herriko hainbat jai dira horren ispilu. Gasteizko eta Arabako San Prudentzio jaiak ere bertan behera gelditu dira. Iruñeko San Fermin jaiekin gauza bera gertatu da. Baita EHZ festibalarekin ere. Baionako bestekin zer egin, asteburuan erabakiko dute.