Astelehenean egin zuten lehenengo banaketa. Egunero egunkaria erostera kalera irteten den adineko pertsona bati etxean egoteko gomendatu zioten ertzainek eta, orduan, boluntario taldeari deitzea erabaki zuen. "Egunkaria eraman genion. Gustura geratu zen zerbitzuagaz, eta berriro deituko digula esan zigun", gogoratu du boluntario taldeko Antton Belaustegi Txurruka kideak. Martitzenean beste banaketa bat egin zuten, elikagaiak eta bestelako produktuak behar zituen herritar batek eskatuta.
Osasun Saileko gomendioei jarraituz, segurtasun neurriak hartuta aritzen dira banaketak egiten. Esaterako, eskularruak eta maskarillak janzten dituzte erosketak egiterakoan. Ondoren, zerbitzua eskatu duen herritarrari zenbatekoa jakinarazten diote, eta honek etxeko atarian uzten du dirua. Boluntarioek dirua jaso eta atarian uzten dituzte produktuak. Modu horretara, aurrez aurreko kontaktua saihesten dute, seguruagoa delako.
Abadiñoko boluntario taldea zabala den arren, gura duten guztiei batzeko deia egin diete. "Honelako uneetan garrantzitsua da elkartasuna adieraztea eta ahal dugun guztian laguntzea", adierazi du Belaustegik.