“Ikur frankista guztiak kentzea agindu genuen, baina ez genekien harlauza bat buelta emanda utzi zutela”

Jone Guenetxea 2019ko aza. 8a, 09:15

Angel Arkarazo (Abadiño, 1947) frankismo osteko lehenengo udalbatzako zinegotzia izan zen Abadiñoko Ezker Herritarra koalizioan. Legegintzaldia hasteagaz batera, ikur frankistak kentzeko proposamena eraman zuten plenora. 

1979an ikur frankisten gaia oso presente zenuten.
Gai hau lehenengo edo bigarren plenora eraman genuen. Legegintzaldi hasiera zen. Ikur frankistak kentzea zen asmoa.

Koalizio bat zineten.
Abadiñoko Ezker Herritarra deitzen zen koalizioa. 13 zinegotzitik lau lortu genituen. Udalbatzan 7 zinegotzi jeltzale zeuden, PCko bat eta sozialista bat. Ni kulturako zinegotzia nintzen. Ikur frankistak kentzearena gure programan sartu genuen gai bat zen. Plenora eraman genuenean, aho batez onartu zen.

Zein ikur frankista kentzea proposatu zenuten zehazki?
Abadiñoko hilerriko hobitik ikurrak kentzea proposatu genuen. Anai arteko gerrate negargarri baten hildako abadiñarren hilarria esaldia jarri genuen. Guk ikur guztiak kentzea agindu genuen, baina ez genekien harlauza bat buelta emanda utzi zutela. Gainera, Urkiolan hareharriagaz eginda zegoen monumentu bat kentzea ere eskatu genuen. Otxandioko frontea zegoenean, militar alemaniar batzuk hil zituzten. Kapitain bi eta komandante bat zirela uste dut. Harri hori apurtu egin genuen zinegotzion artean. Gerora, inoiz damutu naiz handik kendu beharrean apurtu egin genuelako.

Kale izendegia ere aldatu zenuten.
1977an, frankismoa amaitu aurretik, hauteskundeak egin ziren. Sasoi hartan, Abadiñon auzo elkarte bat zegoen eta kale izen batzuk proposatu genituen. Batzuk onartu zizkiguten. Adibidez, Abadiñoko Txanporta, Trañabarren... Gaur egun Txanporta izenagaz ezagutzen duguna Brigadas de Navarra plaza deitzen zen. Baina 1979ko pleno hartara proposamen zehatzago bategaz joan ginen. Kale izendegi guztien errebisioa egin gura genuen.

Izen aldaketak egiteko zeintzuk irizpide erabili zenituzten?
Politikagaz lotutako izenik ez aukeratzea adostu genuen. Bestela, bagenekien eztabaida izango zela. Horrela, eskualdeko baserrien inguruan asko aztertu zuen Alfredo Baeschlin izena jarri genion kale bati. Unzuetaren izena jarri genion beste kale bati. Bestalde, galduta zeuden toki izenak berreskuratzeko ahalegina egin genuen. Iturritxo, Zeletabe, Solozabal, Arzubi...

Zelako legegintzaldia izan zen?
Batzar guztietan zinegotzi guztiok egoten ginen eta erabakigarriak ziren. Kulturako arduraduna izan nintzen eta hirigintzan ere bageunden. Oso esperientzia polita izan zen. Gaur egun ezulertu asko daude politikan, baina sasoi hartan ez. Sasoi zailak izan arren, ondo konpontzen ginen. Gai batzuetan mozio bat aurkeztuz gero, batzuetan ez zen onartzen. Baina ados egoten ginen herriko arazoei irtenbidea bilatzeko. Dena zegoen egiteko.

Herrian zeintzuk proiektu ipini zenituzten martxan?
Ikastolen eta eskolen anpliazioa egin genuen, adibidez, eta Matienako saneamendu berria. Proiektua eginda genuenez, kontzertua etorri zenean 500 milioi pezeta eman zizkiguten obra hori egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!