Alemanez idatzitako monolito bat zegoen Urkiolan, han hildako naziak ohoratzeko

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 8a, 09:15

Gudariek Condor Legioko lau hegazkinlari atxilotu zituzten Urkiolan, 1936ko apirilaren 5ean izandako tiroketa batean. Hori diote gerra garaiko Eusko Jaurlaritzaren iturriek, eta hori berresten dute Xabier Herrero eta Josu Santamarina EHUko historia ikerlariek. Azken hauek diotenez, lau hegazkinlari naziak autoz abiatu ziren Legutiotik (Araba), eta Urkiolako lurretan sartu ziren, bando errepublikanoak kontrolatutako eremuan zeudela konturatu barik. Horrek gudarien eta autoan zihoazen nazien arteko tiroketa bat piztu zuen.

Emaitza argia zen. Tiroketen eraginez,  Carsten Woolf Harling hegazkinlarien lehen tenientea hil zen, eta gudariek gainerako hiru naziak harrapatu zituzten. Horietariko hegazkinlari bat, Paul Freese kapitaina, egun batzuk geroago Bilboko ospitale militarrean hil zen, tiroketako zaurien eraginez. Beste biak Walther Kienzle eta Godofredo Schulze Blanck tenienteak ziren. Bilboko Larrinaga kartzelan espetxeratu zituzten. Urte batzuk geroago, frankistek monolito bat ipini zuten Urkiolan, tiroketa izan zen tokian bertan, hildako hegazkinlariak ohoratzeko. Hilarriko inskripzioak alemanez idatzita zeuden.

1979ko ekaineko osoko bilkuran adostutakoagaz bat eginda, baina, monolitoa birrindu egin zuten. Borrak eskuan hartuta txikitu zuten hilarria, udaltzainek eta zinegotziek. Dena dela, hilarriaren arrastoak ikusgai daude oraindino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!