Hilerriko ikurra, beste katebegi bat orain 40 urte hasitako bidean

Ekaitz Herrera 2019ko aza. 8a, 09:15

Sinbologia frankista kentzearen eztabaidak ibilbide luzea du Abadiñon, nahiz eta oraintsu berpiztu den gaia, hilerrian dagoen harlauza frankista argitara irten ondoren. Ikurra kenduko duela baieztatu du Mikel Garaizabal alkateak, eta erabaki horrek bat egingo du udalak aspaldi hartu zuen ildoagaz. Izan ere, orain 40 urte erabaki zuen Abadiñoko Udalak sinbologia frankista herritik erretiratzea, 1979ko ekainaren 27an egindako osoko bilkuran, hain zuzen ere. Bertan, udala osatzen zuten indar politiko guztiek babestu zuten sinbologia frankista erretiratzea: EAJk, Alderdi sozialistak, Alderdi komunistak eta Abadiñoko Ezker Herritarra koalizioak. Azken talde honek egin zuen ikur frankistak kentzeko eskaria, eta gainerako alderdi guztien babesa lortu zuen.

ANBOTOk sarbidea izan du 1979ko ekainean egindako osoko bilkuraren agirietara. Laugarren puntuan zehazten denez, honako eskaria egin zion Abadiñoko Ezker Herritarrak udalari: "1-Izaera faxista duten erakunde guztien, eta, batez ere, Fuerza Nueva delakoaren jarduna bertan behera utzi dadila. 2- Herrian antolatzekoak diren ekintza faxisten aurkako jarrera hartzea. 3-Orain arte 'Plaza  Liberación 26 de abril' eta 'Plaza Brigadas de Navarra' modura izendatutako plazak, aurrerantzean, betiko eran eta herritarrek izendatu ohi dituzten modura izendatzea, 'Txanportako plaza' eta 'Ferialeku' modura. 4- Herriko hilerrian dagoen erorien monumentua eraldatzea, gerran hildako guztien gorpuzkiak bertan jasotzea, bai bando batekoenak zein bestekoenak; haien izen-abizenak ipintzea ordena alfabetikoan, bakoitza zein bandotan gudukatu zen agertu barik, eta, honelako zerbait esan dezakeen plaka bakarra ipintzea: "Anaiarteko gerrate negargarri baten hildako abadiñarren hilarria". 5-Urkiolan, Condor Legioko hegazkinlariak omentzen dituen eta alemanez idatzita dagoen monolitoa desagerraraztea (...)". Osoko bilkura hartan jasotako puntu horiek denak aho batez onartu zituzten. 2007an espainiar estatuak onartutako Memoria Historikoaren Legeak jasotzen dituen hainbat punturi hartu zien aurrea Abadiñoko Udalak, 32 urte lehenago.

Egungo panteoia
Hilerriari aipamena egiten zaion puntuak baditu azaldu beharreko kontu bi. Testuak hilerriko panteoi bati egiten dio erreferentzia. Gerraostean eraiki zen eta izaera frankista zuen lehenengo urteetan. Osoko bilkuran onartutakoaren ondoren, baina, izaera aldatu zitzaion. Gaur egun ikusgai daude Abadiñoko Ezker Herritarrak proposatutako plaka eta testuak. Baina, gudukatutakoen izen-abizenak ezabatuta daude. Geroagoko osoko bilkuretan izen-abizenak ezabatzeko erabakia hartu zuten, antza. Baina oraintsu agertutako harlauza gaurdaino ailegatu da. Ezkutuan egon da, ahuspez ipinita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!