[BIDEOA] Hamalau gazteren zaletasunari esker sokatirak bizirik jarraitzen du Abadiñon

Joseba Derteano 2019ko api. 25a, 15:05

Orain asteburu bi Abadiñoko sokatira topaketan parte hartu zuten.

Hamalau gazte abadiñar sokatira probatzen hasi dira. Nagusiak erretiratu direnean, labekada berriak erreleboaren esperantza piztu du Abadiño Sokatira Taldean.

"Ez dakigu proiektu berria noraino helduko den. Gazte asko beste kirol batzuetan ere badabiltza. Momentuz, denborapasa da. Hori bai, oso pozik dabiltza", zehaztu du Edu Mendizabal Abadiño Sokatira Taldeko kideak.

Gehienak 2003. eta 2006. urteen artean jaiotakoak dira, 2001ean jaiotakoren bat ere badagoen arren. Abadiño Sokatira Taldeko tiralari izandakoen semeak dira hainbat. Astean behin entrenatzen dira, domeketan.

Ilusioa piztu dute behinik behin. "Entrenamenduetan lehengo talde ia osoa batzen gara. Ilusioa eragiten du gazteak ikusteak".

Iurretan ere sokatiran

Iurretan ere badabiltza gazteak sokatiran, kasu honetan Heki klubaren eskutik. Lantzen dituzten askotariko herri kirol modalitateen artean sokatira ere badute. Oraintsu herri bietako taldeek Zelaietako probalekuan egindako topaketa batzuetan parte hartu zuten. Bizkaiko federazioak horrelako hainbat antolatuko ditu aurten, gazteen artean sokatira sustatzeko.

Iurretako Heki herri kirol taldeko sokatira taldeko gazteak:

Abadiñoko sokatiralari gazteak:

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!